Reala nagusi izan da, eta lehen kolpea eman du San Mamesen (0-1)
Talde txuri-urdinak aurrea hartzeko aukera dezente izan dituu lehen zatian, baina ez du asmatu Padilla Athleticeko jokalari onenaren aurrean. Bigarren zatian, Turrientesek egin du Realaren gola, 62. minutuan.
Turrientes, San Mamesen sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak 0-1 irabazi dio Athletici San Mamesen jokatu den Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan. Talde txuri-urdina zuri-gorria baino askoz gehiago izan da kanporaketa lehen neurketan, eta sari handiagoa ere merezi izan du Katedralean. Matarazzoren mutilek Donostiara gol bat baino gehiagoko altxorra eramateko abaguneak izan dituzte, baina barkatu egin dute Padilla Athleticeko jokalari onenaren aurrean.
Lehen zatian, Reala Athletic baino gehiago izan da, eta atsedenaldira aurretik joatea merezi izan du, abagune kopuruagatik. Egia esan, zuri-gorriek lehen minutuetan ekimena izan dute, baina Matarazzoren mutilek denbora gutxi behar izan dute Valverderen taldeari baloiaren jabetza kentzeko.
Donostiarrek Jauregizarrek Carlos Solerri egindako penaltia eskatu dute 19. minutuan. Athleticen lehen errematea 20. minutuan izan da, baina Guruzetaren jaurtiketa Remiroren eskuetara joan da.
22. minutuan, Realaren jokaldi on bat Oyarzabalek bukatu du, bere jaurtiketa Padillaren ezker eskuadratik gertu joan da. 24. minutuan, txuri-urdinenn beste jokaldi bikain batean, Marinek Padillaren aurrean bakarrik ez du asmatu. Atezain zuri-gorriak haren jaurtiketa kornerrera desbideratu du.
Ordu erdia pasata, atezain zuri-gorriak Jon Martinen burukada bikaina gelditu du berriro bigarren zutoinean. Guedesi falta egin diote, eta Carlos Solerrek erdiratu du geldikako jokaldia.
Ondoren, Athleticen kontraeraso batean, Unai Gomez ez da baloi bat kontrolatzera iritsi, Remiroren aurrean bakarrik geratzeko aukera zuenean. Jarraian, Remirok arazorik gabe gelditu du Navarroren areaz kanpotik egindako jaurtiketa.
Lehen zatiko azken txanpan, Turrientesek area kanpotik jaurtiketa arriskutsua egin du, baina Regok buruarekin kornerrera desbideratu du.
42. minutuan, Realak penaltia eskatu du berriro Laporteren eskuagatik, baina VARak ez du epailea deitu, txuri-urdinen protesta nabarmenen artean. Ondoren, Adama eta Arambururen arteko ika-mika bat izan da, eta epaileak bi jokalariei abisua eman die. Lehen zatia Iñaki Williamsek Remiroren eskuetara egindako jaurtiketa batekin amaitu da.
Atsedenaldiaren ostean, norgehiagokaren gidoia ez da aldatu. Bigarren zatia hasi eta berehala, Realak abagune bikoitza izan du. Guedesen erdiraketa bikaina Oyarzabalek errematatu du, Padillak beste geldiketa bikain bat egin du, baina aldaratzea Marini erori zaio, eta honek zutoinera bidali du baloia. Dena dela, bazirudien Marin jokoz kanpo zegoela.
Talde gipuzkoarrak saria lortu du Guedesen beste barnekaldi batean, hark Turrientesi utzi dio baloia, Padilla gaindituta. Erdilari beasaindarrak ate aurrean bakarrik ez du barkatu, eta 0-1ekoa jarri du markagailuan.
Aldez aurretik, Valverdek lau aldaketa egin ditu aldi berean, eta berdeguneratutako bat, Nico Williams, berdinketa lortzeko abagune ona izan du, baina bere burukada ahula kanpora joan da. Azken minutuetan, Realak ondo kontrolatu du partida, erasoan arrisku oso gutxi sortu duen Athleticen aurrean.
Fitxa teknikoa:
0.- Athletic: Padilla; Lekue, Monreal, Laporte, Adama; Rego (Ruiz de Galarreta, 56. min), Jauregizar (Vesga, 82. min); Iñaki Williams (Nico Williams, 56. min), Unai Gomez (Selton, 56. min), Navarro (Serrano, 56. min); eta Guruzeta.
1.- Reala: Remiro; Aranburu (Elustondo, 74. min), Jon Martín, Caleta-Car, Sergio Gómez; Gorrotxategi, Turrientes (Oskarsson, 74. min); Guedes (Ochieng, 95. min), Soler (Herrera, 85. min), Pablo Marín (Odriozola, 85. min); eta Oyarzabal.
Gola: 0-1, 63. min: Turrientes.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez murtziarra. Txartel horiak atera dizkie Athleticeko Ruiz de Galarretari (65. min), eta Realeko Guedesi (57. min), Odrizolari (64. min), Oyarzabali (96. min) eta Matarazzori.
Nabarmentzekoa: San Mamesen jokatutako Errege Kopako finalerdietako joaneko partida, 51.281 zaleren aurrean.
Zure interesekoa izan daiteke
26/27 Txapeldunen Liga jokatuko duten LaLigako taldeek liga faseko aurkariak ezagutu dituzte
Real Madrilek, FC Bartzelonak, Atletico Madrilek, Real Betisek eta Vila-realek badakite zein talderen aurka jokatuko duten lehen kanporaketan.
FIFAk 10 partidako zigorra jarri dio Paredes argentinarrari Munduko Txapelketako finalaren osteko istiluengatik
Futboleko erakunde goreneko Diziplina Batzordeak isunak eta zigorrak iragarri ditu liskarrean parte hartu zutenentzat. Paredes ez ezik, Nahuel Molina, Thiago Almada, Gavi, Roberto Ayala eta Argentinako Futbol Elkartea (AFA) ere zigortu dituzte.
Reala eta Athleticen arteko EH Kopako finaleko golak (3-1)
Realak 3-1 irabazi dio Athletici Irunen jokatu den Euskal Herria Kopako finalean. Iraiaren golarekin, talde zuri-gorriak ireki du markagailua. Txuri-urdinek, ordea, Chaconen golarekin lortu dute berdinketa. Bigarren zatian, Seleenfreundek buruz sartu, eta, Nereak Realaren garaipenaren azken kolpea eman du hirugarrenarekin.
Osasunak Racing Santanderren aurka neurtuko ditu indarrak Erreginaren Kopako lehen kanporaketan, eta Bizkerrek Burgosen kontra
Lehen kanporaketa irailaren 8, 9 eta 10ean jokatuko da partida bakarrera.
Reala EH Kopako finalera, Eibar penaltietan garaituta
Realak Euskal Herria Kopako bigarren finalerdia irabazi du Eibarren aurka. 90 minutuetan berdinduta maitu dute (1-1), hartara, penaltietan erabaki behar izan dute kanporaketako garailea. Azkenerako, txuri-urdinak nagusitu dira 4-1. Horrenbestez, Athletic izango du aurkari Donostiako taldeak datorren asteazkenean jokatuko den finalean.
Athletic EH Kopako finalera, Alavesi 3-0 irabazita
Athleticek 3-0 menderatu du Alaves Amurrion jokatu den Euskal Herria Kopako lehen finalerdian. Zugasti, Valero eta Benitoren golek finalean sartu dute talde zuri-gorria. Aurkaria Real Sociedad eta Eibarren artean erabakiko da, igandean, Azkoitian.
PSGk Europako bigarren Superkopa irabazi du erreskadan, Emeryren Aston Villa mendean hartuta (2-1)
Kvaratskheliak aurretik jarri ditu frantziarrak lehen zatian, baina Madjok berdinketa lortu du atsedenaldira heldu aurretik. Bigarren zatian, Douek berdinketa desegin du.
2026ko Euskal Herria Kopa aurkeztu dute: Moeve F Ligako lau taldeak arituko dira txapelketan
Hilaren 15ean, Amurrion, Alavesek eta Athleticek lehen finalerdia jokatuko dute, eta 16an, Azkoitian, Eibar eta Reala arituko dira nor baino nor gehiago, finalera sailkatzea lortzeko. Finala abuztuaren 19an izango da, Irunen.
2026ko Munduko futbol Txapelketako egutegia, emaitzak eta sailkapenak
Txapelketa ekainaren 11n hasiko da, eta Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon jokatuko dute, uztailaren 19ra bitartean.
Munduko Txapelketako golegilerik onenen zerrenda historikoa eta 2026ko Munduko Txapelketako goleatzailerik onenak
Munduko Txapelketa 1930ean jokatu zuen aurrenekoz, Uruguain. Ordutik, hainbat jokalari bikainek lortu dute golen bat sartzea Munduko Txapelketaren batean; baina… nortzuek egin dituzte golik gehien? Munduko Txapelketako golegilerik onenen zerrenda historikoan jaso dugu hori, bai eta 2026ko ekitaldian nortzuek sartu dituzten golik gehien ere.