Olatz Rivera bizkaitarra izango da Erregina Koparen finaleko epailea
Gainera, epaile bilbotarrak Iragartze Fernandez getxotarra eta Haizea Castresana laudioarra izango ditu marrazain.
Erregina Kopako finala zuzenduko duten epaileak. Irudia: RFEF
Olatz Rivera Olmedo epaile bizkaitarrak Iberdrola Erregina Koparen finala zuzenduko duela jakinarazi du Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) Epaileen Batzorde Teknikoak (CTA).
FC Bartzelonak eta Atletico Madrilek jokatuko dute finala, maiatzaren 16an, larunbatez, 21:00etatik aurrera, Kanaria Handiko futbol-zelaian.
Epaile bilbotarra UEFAko Elite taldean dago, 2017an egin zuen debuta emakumezkoen Lehenengo Mailan, eta aurreko denboralditik gizonezkoen Lehenengo RFEF mailan neurketak zuzentzen ditu. Espainiako Superkoparen bi finaletan parte hartu du jada, baina hau izango da zuzenduko duen Erregina Kopako lehen finala.
Iragartze Fernandez getxotarra eta Haizea Castresana laudioarra marrazainak ibiliko dira hegaletan. Marta Huerta de Aza, berriz, laugarren epailea izango da, eta Raquel Diaz ordezko marrazaina izanen da.