Pelayo Sanchezek Alaphilippe eta Plapp beste iheslariak menderatu ditu; Tadej Pogacarrek lider jarraitzen du
Movistar taldeko Pelayo Sanchez txirrindulari asturiarrak irabazi du, ostegunean, 2024ko Italiako Giroaren seigarren etapa; izan ere, asteazkenean ere jazo zenez, eguneko ihesaldiak arrakasta izan du eta garaipena iheslariek jokatu dute, eta Sanchezek Julian Alaphilippe (Soudal Quick-Step) eta Luke Plapp (Jayco AlUla) hartu ditu mendean, helmugako pankartapean. Sailkapen nagusian, ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan, eta UAE Emirates taldeko Tadej Pogacarrek, beste jardunaldi batez, lider jarraitzen du, maglia arrosa soinean duela.
Une ikusgarriak utzi ditu etapak. Alde batetik, lehia polita izan da, ihesaldian izandako gizonen eta multzo nagusiaren artean; bestetik, aurreikusita zegoenez, "sterrato" izeneko hiru zatiek, lurraren gainean egin behar izan dituzten hamabi kilometroek, gogoratzeko moduko irudiak eman dituzte.
Lasterketa buruan, etapak erdia egina zuela, zazpi txirrindulari gelditu dira: Sanchezekin, Alaphilipperekin eta Plappekin batera, Matteo Trentin (Tudor), Kaden Groves (Alpecin), Vendrame (Decathlon) eta Fiorelli (Bardiani). Tarte erabakigarrian, Pelayo Sanchezek, Alaphilippek eta Plappek erakutsi dute indartsuenak zirela, eta lehia bizia izan dute tropelarekin, nor baino nor gehiago; UAE eta INEOS izan dira tropelaren buruan, baina ezin izan dituzte harrapatu. Helmugan, asturiar gaztea, WorldTourren debutaria bera, gainerakoak baino hobeto aritu da.
Ostiralean, giltzarria izan daitekeen etapa izango da: 40,6 kilometroko erlojupekoa, Folignoren eta Perugiaren artean. Baliteke alde nabarmenak izatea, azken maglia arrosaren lehian izango diren txirrindularien artean.
Etapako sailkapena
1 - SANCHEZ Pelayo (Movistar) 4:01:08
2 - ALAPHILIPPE Julian (Soudal) d. b.
3 - PLAPP Luke (Jayco) + 0:01
4 - PICCOLO Andrea (EF Education) + 0:24
5 - NARVAEZ Jhonatan (INEOS) + 0:29
6 - MEZGEC Luka (Jayco) d. b.
7 - HERMANS Quinten (Alpecin) d. b.
8 - SCHULTZ Nick (Israel) d. b.
9 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) d. b.
10 - LUTSENKO Alexey (Astana) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - POGACAR Tadej (UAE) 23:20:52
2 - THOMAS Geraint (INEOS) + 0:46
3 - MARTINEZ Daniel Felipe (BORA) + 0:47
4 - UIJTDEBROEKS Cian (Visma) + 0:55
5 - RUBIO Einer (Movistar) + 0:56
6 - FORTUNATO Lorenzo (Astana) + 1:07
7 - LOPEZ Juan Pedro (Lidl-Trek) + 1:11
8 - HIRT Jan Soudal (Quick-Step) + 1:13
9 - LUTSENKO Alexey (Astana) + 1:26
10 - CHAVES Esteban (EF Education) d. b.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon