ITALIAKO GIROA – 8. ETAPA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio

Izotzezko plaka bat errepidera erortzeko arriskuagatik, etapa laburtu egin behar izan dute, eta lasterketa Finestre mendatean bukatu da, ondorengo jaitsiera eta Sestriererako azken igoera bertan behera utzita.

Demi Vollering - Italiako Giroa - 8. etapa

Demi Volleringek irabazi du Giroko 8. etapa. Argazkia: Giro d'Italia Women

Demi Vollering (FDJ-Suez) herbeheretarrak irabazi du Italiako Giroko 8. etapa. Rivolin abiatu da etapa, eta Sestriere gainean bukatu behar zen, txirrindulariek 106 kilometro egin eta gero. Azken orduan, baina, etapa laburtu behar izan dute, segurtasun arrazoiak tarteko, eta Colle delle Finestre mendatean amaitu da.

Edonola ere, Anna van der Breggenek lidertzari ondo eutsi dio, eta maglia arrosa jantzita abiatuko du igandean Giroko azken etapa.

Volleringen atzetik, Isabella Holmgren (Lidl) eta Antonia Niedermaier (Canyon) sartu dira helmuga inprobisatuan, eta Van der Breggen sailkatu da laugarren. Antolatzaileek erabaki dute denbora bera ematea laurei, eta, horrenbestez, sailkapen nagusian ez da aparteko aldaketarik izan. Volleringek, baina, 10 segundoko gainsaria jaso du etapa irabazteagatik, eta, ondorioz, liderra 50 segundora du orain.

Giroko etapa nagusia izanik, faborito guztiek zeukaten gaurko eguna gorriz markatuta egutegian. Bi mendate igo behar zituzten: Colle delle Finestre (18,5 kilometro eta batez beste % 9,2ko maldak) eta Sestriere (16,2 kilometro eta batez beste % 3,8ko maldak).  

Etapa Sestriere gainean amaitu behar zen, baina antolatzaileek ibilbidea laburtzea erabaki dute, lasterketa bukatzeko 30 bat kilometro falta zirenean, izotz plaka bat errepidera erortzeko arriskua zegoela jakin dutenean. Horrela, Finestre gainera heldu baino kilometro bat lehenago jarri dute helmuga.  

Erabaki hori jakinarazi dutenerako, txirrindulariak Finestre igotzen ari ziren, eta tropelako lau onenak zihoazen lasterketaren buruan: Anna van der Breggen (SD Worx), Demi Vollering (FDJ), Antonia Niedermaier (Canyon) eta Isabella Holmgren (Lidl).

Mendate hasierara 16 txirrindulari iritsi dira ihes eginda, baina aldapa gogorrak hasi direnean, errepideak bere lekuan jarri ditu txirrindulariak, eta konturatu orduko eskalatzaile onenak geratu dira buruan.

Azken kilometroak ikusgarriak izan dira: asfaltorik ez, elurra bide bazterretan, behe-lainoa eta jendetza txirrindulariak animatzen. Volleringek erritmo gogorra jarri du, baina Van der Breggen atzean utzi ezin zuela ikusita, indarrak etapa garaipena lehiatzeko gorde ditu.  

Horrela, azken metroetan jo du herbeheretarrak eraso erabakigarria, eta bakarka igaro du helmuga inprobisatua, 10 segundoko gainsaria bereganatuta.

Giroko azken etapa igandean jokatuko da. Saluzzon hasi eta amaituko da, 145 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek, eta 3 mendate igaro beharko dituzte, azkena helmugatik 90 kilometrora.

Results powered by FirstCycling.com

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X