Vingegaard txirrindularitzaren olinpoan sartu da, Giroa irabazita; Milan nagusitu da azken etapan
Visma-Lease a Bike taldeko txirrindulari daniarrak irabazi du 2026ko Italiako Giroa, hiru astez erakutsitako nagusitasunari esker, batez ere mendiko etapetan ia erabakita utzita. Garaipen honekin, hiru itzuli handiak eskuratu ditu. Jonathan Milan italiarrak, bere aldetik, azken etapa irabazi du esprint ikusgarri batean.
Jonas Vingegaard. Argazkia: EFE
Jonas Vingegaard daniarrak irabazi du 2026ko Italiako Giroa, eta amaiera ezin hobea eman dio bere estreinako parte-hartzeari. Jonathan Milan italiarrak, berriz, azken etapa eskuratu du esprint ikusgarri batean nagusituta, hainbat etapatan garaipena gertu izan ondoren.
Vingegaardek mendiko etapetan erakutsitako nagusitasunari esker irabazi du lasterketa. Guztira 5 etapa garaipen lortu ditu, maldan gora aurkari guztiak atzean utzita. Giroaren 109. edizioa irabazita, 3 itzuli handiak batu ditu bere palmaresean, aurretik Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta ere irabazi baititu.
Sailkapen nagusian, 5 minututik gorako aldea atera die berarekin batera podiumera igo diren Felix Gall austriarrari eta Jai Hindley australiarrari. Era berean, Visma-Lease a Bike taldea Giroko talderik sendoena izan da.
Giroaren protagonisten artean Igor Arrieta nafarra ere nabarmendu da. UAE Team Emirates taldeko txirrindulariak 5. etapa irabazi zuen Potenzan, Afonso Eulalio portugaldarrarekin borrokatutako amaiera zirraragarrian nagusituta.
Erroma maglia arrosa jantzita konkistatu ondoren, Vingegaardek Frantziako Tourrean jarri du jada arreta. Han, Tadej Pogacarrekin izango duen lehia handia izango da, eta Giroan erakutsitako mailak ikusmina eta itxaropena piztu ditu zaleen artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon