Eibar eta Amorebieta Errege Kopako bigarren kanporaketara, Pamplona eta UD Logroñes garaituta
Martonek partidako hasieran sartu du aurreneko gola, Mutilvan, eta Magunazelaiak egin ditu talde armaginaren beste bi golak. Amorebietaren kasuan, berriz, Xalbat Larraldek egin du garaipenaren gola.
Eibar 0-3 gailendu zaio Pamplonari. Argazkia: SD Eibar.
Eibar 2026-2027 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkatu da, asteartean, eta Pamplona txapelketatik kanpo gelditu da. Lehen kanporaketan bi taldeek Mutilnovan jokatu duten derbian, Eibar 0-3 gailendu da, Javi Martonek eta Jan Magunazelaiak, azken horrek bi aldiz, sartu dituzten golei esker.
Talde armaginak nagusitasuna erakutsi du partidan. Jokin Aranbarriren taldea berehala jarri da aurretik, bigarren minutuan, Martonen bidez. Pamplonak, hurrengo minutuetan, estutu egin du, eta ondo ahalegindu da; gol aukeraren bat ere sortzea lortu du Nafarroako taldeak. Magunazelaiak, baina, 22. minutuan, 0-2koa sartu du, eta horrek sendotu egin du Eibar.
Bigarren zatian, erritmoa ez da lehen zatian bezain bizia izan. Magunazelaiak, 53. minutuan, bere bigarren gola egin du, Eibarren hirugarrena, eta horrek ia-ia erabakita utzi du kanporaketa.
Nabarmentzeko modukoa da, dena den, Pamplona gogor saiatu dela gutxienez gol bat sartzen; azkenean, ezin izan du lortu.
Horrenbestez, Eibar Errege Kopako bigarren kanporaketako zozketan izango da; hori hilaren 23an egingo dute, Madrilen, 13:00etatik aurrera.
Amorebieta vs UD Logroñes
Amorebietak (Federazioko Bigarren Maila) Errege Kopako bigarren kanporaketarako txartela lortu du UD Logroñesi 1-0 (Federazioko Lehen Maila) irabazita. Talde bizkaitarrak 77.minutuan lortu du talde errioxarraren aurkako garaipena, Xalbat Larraldek boleaz sartu duen golari esker.
Hortaz, litekeena da Amorebietak Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea Errege Kopako bigarren kanporaketan.