EIBAR VS ALMERIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eibarrek puntu bat eskuratu du Almeriaren aurka Pejiñoren gol ikusgarri batekin (1-1)

Armaginek 87. minutuan lortu dute berdinketa, Pejiñoren jaurtiketa ikusgarri batekin. Sailkapenean hiru puntuko aldearekin jarraitzen dute bi taldeek.

EIBAR VS ALMERIA 31-10
Eibar eta Almeriaren arteko norgehiagoka. Argazkia: SD Eibar

Eibarrek puntu bat eskuratu du Almeriaren aurka Ipuruan, Pejiñok azken momentuan sartutako golari esker. Armaginek abagune argiak izan dituzte bigarren zati osoan, Adu Aresek zutoinera egindako bi jaurtiketa barne, 87. minutuan berdinketa lortu aurretik.

Partidaren laburpena

Hasi aurretik, bi taldeek minutu bateko isilunea egin dute Toledoko tren-istripuan hildakoen omenez.

Almeria partidan nagusitzeko asmoarekin zelairatu da, eta baloiaren jabetza handiagoa izan du lehen minutuetan. Eibarrek, bere aldetik, aukerak bilatu ditu, baina jokoz kanpoko hainbat egoera sortu ditu. 18. minutuan, Quim Junyentek sartutako golak aurretik jarri du Almeria (0-1), Arribasen asistentzia bat jaso ostean.

0-1: Quim Junyenten gola

Bi minutu geroago, partida gelditu behar izan dute, osasun-larrialdi baten ondorioz; izan ere, bisitarien zale bat harmailetatik erori da gola ospatzen ari zenean, eta min hartu du. Jokalariak aldageletara joan dira, eta 20 minutu geroago ekin diote partidari.

Geldialdiaren ostean, Eibarrek aurrerapausoa eman du, baina ez du  markagailua berdintzerik lortu.

Bigarren zatian, Eibarrek golaren bila jarraitu du, baina harresi zuri batekin egin du topo Almeriaren defentsan. Armaginek erasoan jarraitu dute, eta behin baino gehiagotan izan dituzte gol-aukerak. Ivan Gilek atezaina lanean jarri du, eta, handik gutxira, Adu Aresek bi jaurtiketa bidali ditu zutoinera, 67. eta 76. minutuetan. Martonek ere aukera ona izan du buruz.

Eibarren ekinak saria izan du 87. minutuan. Pejiñok baloia jaso du eskuin hegalean, eta ezkerrez jaurtiketa ikusgarria eginez, txokotik sartu du baloia, markagailua parekatzeko (1-1).

1-1: Pejiñoren gola

Bigarren zatian, bi taldeek garaipenaren gola bilatu dute, baina markagailua ez da mugitu.

Publizitatea
X
Publizitatea
X