Vingegaardek kolpea eman du bigarren etapa jarraian irabazi ondoren
Daniarra nagusitasunez eta bakarrik helmugaratu da, 20 kilometroren faltan erasoa jo ostean, eta ia erabakita utzi du Frantziako lasterketaren sailkapen nagusia.
Jonas Vingegaard danimarkarra (Team Visma | Lease a Bike). Irudia: EITB
Jonas Vingegaard (Team Visma | Lease a Bike) danimarkarrak irabazi du ostegun honetan Paris-Niza 2026 lasterketako bosgarren etapa, 206,3 kilometrokoa, Cormoranche-sur-Saône eta Colombier-le-Vieux artean, 20 kilometroren faltan erasoa jota.
Euria eta tenperatura baxuak direla eta, hainbat egunetan baldintza klimatologiko gogorrak izan eta gero, eguzkia berriro irten da Frantziako lasterketan. Eta hor erakutsi du danimarkarrak, 2022ko eta 2023ko Frantziako Tourraren irabazleak, Paris-Nizako lidergoa sendotzeko dituen dohain ikaragarriak.
Movistar Teamek hiru txirrindulari sartu ditu ihesaldian, Ivan Romeo, Jefferson Cepeda eta Lorenzo Milesi, etapa irabazteko asmoz, baina Team Visma | Lease a Bike taldeak bestelako helburua zuen, eta ihesaldiko txirrindulariak harrapatu ditu, nahiz eta Espainiako txapelduna berriro alde egiten saiatu.
Baina 21 kilometroren faltan, iheslariak tropelera itzuli dira, eta minutu batzuk geroago lasterketako liderrak eraso egin du, bakarrik helmugaratzeko; bigarren izan da Valentin Paret-Peintre (Soudal Quick-Step), bi minutu baino gehiagora, eta hirugarren, Harold Tejada (XDS Astana Team). Ion Izaguirre (Cofidis) gipuzkoarra bosgarren sailkatu da gaur.
Ostiral honetan, seigarren etapa jokatuko da Barbentane eta Apt artean, 179,3 kilometroko ibilbidea izango du tropelak, eta hirugarren mailako bi mendate eta bigarren mailako beste bi igo beharko dituzte txirrindulariek. Horietako bat helmugarako 4,5 kilometro falta direnean igoko dute.