Van Gils nagusitu da 6. etapako esprintean, eta Truckwell da lider berria
Tobias Halland Johannessenek erasoa jo du azken esprintean, baina Maxim Van Gilsek indartsuago eragin die pedalei helmuga lehen postuan zeharkatzeko.
Van Gils, garaipena ospatzen. Argazkia: EITB
Maxim Van Gils (Red Bull-BORA) txirrindulari belgikarrak irabazi du Saint-Vulbas eta Crest-Voland artean jokatu den Auvernia-Rodano-Alpeetako Tourreko 6. etapa, 182,3 kilometrokoa, Tobias Halland Johannessen (Uno-X) norvegiarrarekin azken esprint estua lehiatu ondoren. Bestalde, irabazlearen taldekidea den Luke Truckwell australiarrak hartu du lasterketaren lidergoa.
Eraso asko izan dira hasiera-hasieratik, eta txirrindulari erdiek ihes egin dute, 60k aurrea hartu baitute. Sailkapen nagusian, Tuckwell australiarra izan da onena, liderrarengandik 1 minutu eta 3 segundora. Horrek ez du bigarren tropela urduritu, Ayuso, Seixas eta Del Toro bertan joan arren.
Azken kilometroetarako emozioa aurreikusten zen, lehen mailako 2 mendate kateatu behar izan baitituzte. Lehenengoan, Hery sur Uginekoan, ihesaldiko kideak erdira jaitsi dira; 25era. Torresek, Cristian Rodriguezek, Castrillok, Garcia Piernak eta Parrak aurrekoen erritmoari eutsi diote, eta, besteak beste, Quinn Simmons, Armirail, Guillaume Martin eta Tobias Johannessen ziren talde horretako izen ezagunen artean.
Crest Volandeko igoerak tropeltxoa hautsi du. Torres, Van Gils eta Johannessen aurretik joan dira, eta Tuckwell batu zaie gero. Atzetik, Seixas atera da helmugarako 3,5 kilometro falta zirenean. Del Torok eutsi dio, baina ez Juan Ayusok.
Van Gils gogotsu aritu da, Johannessen legez, eta helmuga bistan zutela, eskandinaviarrak eraso egin du, baina belgikarraren erantzuna erabakigarria izan da eta aurkaria eserita utzi du.
Seixas, bere aldetik, ohartu da Del Torok ez zuela amore emango, eta elkarrekin iritsi dira helmugara, Ayuso eta Jorgenson atzean utzita, eta sailkapen nagusian aurreko postuetara hurbildu dira.