Mikel Landa etxean da, eta "luzea" izango den sendatzeari ekin dio
Mikel Landak (Soudal Quick-Step) ostiraletik zeraman ospitaleratuta, Tirana (Albania), 2025eko Italiako Giroko lehenengo etapan eroriko larria izanda, eta astelehenean utzi du ospitalea. Euskal txirrindulariak haustura egonkorra du T11 ornoan. Etxera bueltatu da Landa, eta "luzea" izango den sendatze-prozesuari ekin dio.
"Jaso ditudan babes mezu guztiak eta maitasuna eskertu nahi ditut. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiet medikuei: istripua izan nuen tokian izan zirenei, eta Tiranako ospitalekoei. Eta eskerrak, ere, Soudal Quick-Stepeko langileei, zaindu bainaute eta etxera bueltatzen lagundu didatelako. Sendatze-prozesua luzea izango da, baina eman didaten babesak indartu egingo nau nire bidean", adierazi du Landak, bere taldeak zabaldutako adierazpenetan.
Landak, 35 urtekoa bera, errepidetik irten zen etapako azken jaitsieran, helmugarako bost bat kilometro gelditzen zirela; etapa horrek 160 kilometroko ibilbidea izan zuen, Durresen hasita eta Tiranan amaituta, Albanian. Arabarrak zintarriaren aurka jo zuen. Ohatilan eraman zuten, eta ospitaleratu. Lasterketa utzi behar izan zuen, eta, "denbora luzez", ahuspez izan beharko da, Soudal Quick-Stepek nabarmendu duenez.
Gainera, Belgikako taldeak azaldu su txirrindulariak zainketa intentsiboetako unitatean eman zuela gaua, baina, "bestelako arazorik sortu ez zenez", gela batera eraman zuten, eta etxera itzultzeko prestaketa lanak antolatu zituzten, Euskal Herrian sendatzen hasteko. "Gogotsu dabil, etorkizunari begira baikor", zehaztu du. "Soudal Quick-Stepen, gure esker ona agertu nahi diegu medikuei eta osasun langileei, bai istripua izan zen tokian egon zirenei baita Tiranako ospitalekoei ere, Mikeli eman dioten tratuagatik", gehitu du taldeak.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon