Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du, azaroaren 14an, San Mamesen
Euskal taldea, hala, 2025eko azaroaren Palestinaren aurka jokatu zuenetik aurrenekoz arituko da. Venezuela FIFAko munduko sailkapenean 49. postuan dabil; 2018an eta 2010ean ere izan zen Euskal Selekzioaren aurkari.
Euskal Selekzioko jokalariak, San Mamesen, gol baten ostean. Argazkia: Europa Press.
Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du, azaroaren 14an, 20:00etatik aurrera, San Mamesen, asteartean Euskadiko Federakundeak iragarri duenez.
Euskal taldea, hala, 2025eko azaroaren Palestinaren aurka jokatu zuenetik aurrenekoz arituko da. Venezuela FIFAko munduko sailkapenean 49. postuan dabil; 2018an eta 2010ean ere izan zen Euskal Selekzioaren aurkari.
2018ko eta 2010eko neurketa horietan, Euskal Selekzioak bi garaipen eskuratu zituen. 2018ko urriaren 12an, Mendizorrotzan, euskal taldea 4-2 gailendu zen, eta Ibai Gomezek, Jon Bautistak, Anaitz Arbillak eta Aritz Elustondok sartu zituzten golak; 2010eko abenduaren 29an, San Mamesen, Carlos Gurpeguik, Mikel Labakak eta Iker Muniainek egin zituzten golak, eta Euskal Selekzioa 3-1 gailendu zen.
Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurreneko ekitaldien barruan
Euskal federazioak zabaldutako oharrean dioenez, aipatu partida "1936an José Antonio Agirre buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketaren 90. urteurrenaren barruan ere kokatzen da. 1937an, Agirrek Euzkadiko selekzioa sustatu zuen. Selekzio hark hainbat partida jokatu zituen Europan eta Amerikan, indar frankistek boterea hartu ondoren herrialdeak bizi zuen egoera politikoa ezagutarazteko".