Filippo Zanak Dolomitetako lehen etapa irabazi du, Pinot menderatuta, eta Thomasek ondo eutsi dio Roglici
Jayco-AlUla taldeko Filippo Zana txirrindulari italiarrak (Italiako egungo txapelduna) 2023ko Italiako Giroaren 18. etapa irabazi du ostegunean, Val di Zoldon garaile aterata, Dolomitetan jokatutako lehen jardunaldian. Zanak Groupama-FDJ taldeko Thibaut Pinot frantziarra menderatu du etapa irabazteko. Sailkapen nagusian ondoen kokatuta dauden zizklistei dagokienez, Primoz Roglic Jumbo-Vismako esloveniarrak erritmoa bizitu du taldean, azken igoeran, eta UAEko Joao Almeida portugaldarra gainditu du, sailkapen nagusiko bigarren postuan jarrita. Geraint Thomas Ineoseko galestarrak lehen postuari eutsi dio, eta maglia arrosa soinean duela jarraituko du.
Filippo Zanak betiko gordeko du Val di Zoldon erdietsitako garaipenaren argazkia: izan ere, lasterketa handi batean eskuratu duen lehen garaipena da. Gainera, Giroko etapa menditsu batean lortu du, eta, horrez gain, Italiako txapeldunaren maillota jantzita irabazi du. Jayco taldeko txirrindularia oso ondo dabil 2023ko Giroan. Orain arte, beste ihesaldi batzuetan sartu da, eta tropelaren buruan ere ibili da, taldearen alde lanean aritu denean.
Thibaut Pinot, aldiz, ez da horren pozik izango. Ihesaldiko beste txirrindulariek baino indar handiago zuela ematen zuen, bereziki igoeretan. Helmugan, baina, Zanak hobeto baliatu ditu bere aukerak. Frantziarrak iragarri duenez, denboraldi amaieran hartuko du erretiroa.
Zana eta Pinot eguneko ihesaldian izan dira, hauekin batera: Aurelien Paret-Peintre (AG2R Citroen), Marco Frigo (Israel Premier Tech), Derek Gee (Israel Premier Tech), Warren Barguil (Arkéa Samsic) eta Vadim Pronskiy (Astana Qazaqstan). Hasieran, iheslariek ezin izan dute alde handirik lortu, baina, azkenean, tropelak erabaki du ez zuela indarra erabiliko zazpikotea harrapatzeko lanetan; hala, helmugarako 50 kilometro falta zirenean, lasterketaren buruan zihoan taldeak bost minutuko aldea zuen, eta horrek argi erakusten zuen etapako irabazlea aurreko taldean zegoela.
Beste bi txirrindulari ere nabarmendu dira etapan: Sepp Kuss Jumboko estatubatuarra eta UAEko Jay Vine australiarra. Beste behin ere, argi utzi dute zein garrantzitsua den taldearentzat lan egiten duten txirrindulariak izatea. Azken kilometroetan, Jumbok, liderraren taldean erritmoa bizituz, erasoa jo duenean, Kussek errelebo bikaina egin dio Roglici, azken horrek ahalik eta segundo gehien urra zitzan Thomasekiko eta Almeidarekiko. Portugaldarrak, baina, Vineren ezinbesteko laguntza izan du, eta helmugan 21 segundo galdu ditu, azkenean; bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da, bai, baina Giroa irabazteko aukerak ditu oraindik.
Azken tartean, lehia estua izan da: aurretik, etapa jokoan zegoela; atzetik, sailkapen nagusiko gizonak borrokan zirela. Zanak eta Roglicek jaso dituzte sari nagusiak, baina Giroa ez da amaitu, eta lehen sailkatuen arteko aldea txikia da oraindik.
Ostiraleko etapak hainbat zalantza argituko ditu. 19. etapa Longaronen hasi eta Tre Cime Di Lavaredon amaituko da, eta 183 kilometroko ibilbidea izango du. Jardunaldi oso gogorra izango da, maila handikoa. Antolatzaileek bost mendate jarri dizkiete txirrindulariei: Campolongo (2. mailakoa), Passo Valparola (1. mailakoa), Passo Giuau (1. mailakoa), Passo Tre Croci (2. mailakoa) eta Tre Cime Di Lavaredo (2023ko Giroko Coppi gaina).
18. etapako sailkapena
1 - ZANA Filippo (Jayco) 4:25:12
2 - PINOT Thibaut (Groupama) d. b.
3 - BARGUIL Warren (Arkéa) +0:50
4 - GEE Derek (Israel) +1:03
5 - PARET-PEINTRE Aurélien (AG2R) +1:24
6 - FRIGO Marco (Israel) d. b.
7 - ROGLIC Primož (Jumbo) +1:56
8 - THOMAS Geraint (INEOS) d. b.
9 - ALMEIDA João (UAE) +2:17
10 - DUNBAR Eddie (Jayco) +2:32
Sailkapen nagusia
1 - THOMAS Geraint (INEOS) 76:25:51
2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +0:29
3 - ALMEIDA João (UAE) +0:39
4 - DUNBAR Eddie (Jayco) +3:39
5 - CARUSO Damiano (Bahrain) +3:51
6 - KÄMNA Lennard BORA - hansgrohe +4:27
7 - PINOT Thibaut (Groupama) +4:43
8 - LEKNESSUND Andreas (DSM) +4:47
9 - ARENSMAN Thymen (INEOS) +4:53
10 - DE PLUS Laurens (INEOS) +5:52
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Niedermaierrek, bigarren, eta Van der Breggenek, hirugarren, osatu dute podiuma, eta Longo Borghinik irabazi du azken etapa.
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Izotzezko plaka bat errepidera erortzeko arriskuagatik, etapa laburtu egin behar izan dute, eta lasterketa Finestre mendatean bukatu da, ondorengo jaitsiera eta Sestriererako azken igoera bertan behera utzita.
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Longo Borghinik (UAE) 5 segundo kendu dizkio Anna van der Breggeni (SD Worx), horrek izan duen sustoa aprobetxatuta.
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon
Txirrindulari italiar batek azken 25 urteetan inoiz lortu ez duena erditsi du Balsamok. Bera baino lehen, Fabiana Luperinik (1996) eta Greta Zoccak (2001) bakarrik lortu zuten balentria.
Volleringek irabazi du Santo Stefano di Cadoren eta Van der Breggenek maglia arrosari eutsi dio
FDJ United-Suez taldeko herbeheretarrak esprintean gainditu ditu Van der Breggen herrikidea eta Niedermaier alemaniarra. Van der Breggenek minutu bateko aldea du Volleringekiko sailkapen nagusian, 01:24koa Niedermaierrekiko eta 02:01ekoa Holmgrenekiko.
Van der Breggenek Balsamoren diktadurarekin amaitu eta maglia arrosa jantzi du kronoigoeran
SD Worx-Protime taldeko herbeheretarrak irabazi du laugarren etapako erlojupekoa, 12,7 kilometroko igoera, Belluno eta Nevegal artean. Elisa Balsamo italiarrak, aldiz, ikaragarri sufritu eta bederatzi minutu baino gehiago galdu ditu helmugan.
Elisa Balsamo italiarrak, hirutik hiru Italiako Giroan
Lidl-Trek taldeko txirrindulariak irabazi du Giroko hirugarren etapa, beste egun batez azken esprinta irabazita. 156 kilometroko etapa Bibione eta Buja artean jokatu da.
Honela geratu da 2026ko Italiako Giroko podiuma
Jonas Vingegaard (Visma) izan da 2026ko Italiako Giroko irabazlea. Felix Gall (Decathlon) bigarren izan da eta Jai Hindlay (Red Bull) hirugarren. Bestalde, Afonso Eulaliok (Bahrain) gazte onenaren maillota irabazi du, Giulio Cicconek (Lidl-Trek) eskalatzaileena eta Paul Magnierrek (Soudal) puntuena.
Vismak xanpainarekin ospatu du Vingegaarden garaipena Giroan
Jonas Vingegaardek ziurtatuta zuen garaipena Italiako Giroko azken etapa jokatu aurretik. Gauzak horrela, bere taldeak lasai hartu du ibilbidea eta xanpainarekin ospatzeko aprobetxatu dute.
Vingegaard txirrindularitzaren olinpoan sartu da, Giroa irabazita; Milan nagusitu da azken etapan
Visma-Lease a Bike taldeko txirrindulari daniarrak irabazi du 2026ko Italiako Giroa, hiru astez erakutsitako nagusitasunari esker, batez ere mendiko etapetan ia erabakita utzita. Garaipen honekin, hiru itzuli handiak eskuratu ditu. Jonathan Milan italiarrak, bere aldetik, azken etapa irabazi du esprint ikusgarri batean.