Italiako Giroaren 11. etaparen profila eta ibilbidea: Camaiore-Tortona (219 kilometro)
219 kilometro ditu 2023ko Italiako Giroaren hamaikagarren etapak; aurtengo luzeena da, eta maiatzaren 17an jokatuko dute, asteazkenean. Parte-hartzaileak Camaioretik abiatuko dira, eta Tortonan amaitu; ibilbidea, lehen zatian, laua izango da, baina tarte erabakigarrian, aldiz, hainbat igoera eta jaitsiera daude. Mendiko sailkapenerako hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek; 3. mailako bi eta 4. mailako bat.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, La Speziak, Liguriako Apeninoetako sarreran, hasiko da etapako zatirik zailena. Ziklistek Passo del Bracco eta Colla de Boasi gainditu beharko dituzte Liguriako Apeninoak zeharkatzeko; bertako errepideak estuak dira, eta hainbat bihurgune dituzte, gainera.
Gerora, tropela bailarara helduko da, eta Alessandriako ordokia igarota, Passo della Castagnolara helduko da. Azken 30 kilometroetan, tropela errepide zabaletan ibiliko da.
Giroko hamaikagarren etapa honetan, hiru mendate izango dira: Passo del Bracco, 3. mailakoa, 60. kilometroan; Colla di Boasi, 3. mailakoa, 143. kilometroan; eta Passo della Castagnola, 4. mailakoa, 176.ean.
Egunero bezala, lasterketa zuzen-zuzenean ikusi ahalko da EITBko hedabideetan: eitb.eus-en, etapa oso-osorik ikusteko aukera egongo da, 11:15etik aurrera; ETB4k 14:15etik 15:10era egingo du bat seinalearekin; eta telebistako emanaldiak ETB1en jarraituko du, 15:10etik etapa amaitu arte.
Ikusi 10. etaparen profila | Ikusi 12. etaparen profila
ETAPAREN PROFILA
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon