Hirugarren etapa garaipena lortu eta Giroa utzi du Greipelek
André Greipel alemaniarra (Lotto Soudal) jaun eta jabe izan da Italiako Giroko 12. etapan. "Rostockeko gorila"ren hirugarren garaipena da aurtengo edizioan. Etapak 182 kilometro izan ditu, guztiz lauak, Noale eta Bibione artean, Dolomitetara bidean. Bob Jungelsek lider jarraitzen du. Etapa bukaeran Giroa utzi egingo duela iragarri du Greipelek.
33 urteko txirrindulariak ez du oztoporik izan azken metroetan, bere taldeak egindako lan txukunari esker. Alemaniarrak lau ordu eta 16 minutu behar izan ditu ibilbidea egiteko. Bere atzetik sartu dira Caleb Ewin (Orica) eta Giacomo Nizzolo (Trek).
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egin. Faboritoek ez dute protagonismorik izan, eguna esprinterrentzako aproposa zelako. Jungelsek maglia arrosarekin jarraitzen du, Andrey Amadorren (24 segundora) eta Alejandro Valverderen aurretik (minutu eta 7 segundora).
Ostiralean 13. etapa jokatuko dute: 170 kilometro Palmanova eta Cividale artean. Lehen mailako bi mendate eta bigarren mailako beste bi igo beharko dituzte, azkena helmugatik 14 kilometrora.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon