Olharanek eta Gorkak Johan eta Ibarluzea hartu dituzte mendean, hiru jokotan
Jean Olharanek eta Gorka Sorozabalek Johan Sorozabal eta Jon Ibarluzea hiru jokotan menderatu dituzte (14-15, 15-13 eta 5-0) Eusko Label Winter Series txapelketako hirugarren jardunaldian, Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Lehen jokoa oso gorabeheratsua izan da, eta azken kintzean ihes egin die irabazleei. Bigarrenean, ordea, euren nagusitasuna markagailuan islatzea lortu dute Olharanek eta Gorkak. Eta hirugarrenean ez diete aurkariei aukerarik eman.
Partidak hasiera hotza, baina azkarra izan du. Olharan eta Gorka jokoa atzealdean kargatzeko asmoarekin kantxaratu dira, Johan jokoz kanpo uzteko helburuarekin. Estrategiak funtzionatu die, Ibarluzeak neurketari oso hasiera traketsa eman baitio. Lehen etenaldira sei galdutakorekin iritsi da atzelari markinarra (8-6).
Kantxara bueltan, Olharanek aurrealdean agintzen jarraitu du, eta Paueko aurrelariak eta atzelari biarriztarrak zuloa egin dute markagailuan (12-7). Lehen jokoa erabakita zegoela ematen zuen, baina Ibarluzeak bere jokoa zuzendu du, eta Johanek lagunduta, partida orekatzea lortu dute (12-12). Ondoren hamahiruna eta hamalauna berdindu dute bi bikoteek, eta Olharanek gora bidali duen pilotakada batek erabaki du jokoa (14-15).
Eskuan izan duten lehen jokoak nola ihes egin dien ezin sinetsita kantxaratuko ziren Olharan eta Gorka bigarrenean. Lehenengoak baino hasiera parekatuagoa izan du bigarren jokoak. Bana, bina, hiruna eta launa berdindu dute bi bikoteek. Hala ere, Paueko eta Biarritzeko bi puntistak sendoagoa azaldu dira, eta etenaldira aurretik joan dira (8-5).
Atsedenaldiaren ondotik berriro markagailuan ihes egin diete Olharanek eta Gorkak Johani eta Ibarluzeari (12-7). Biarriztarra eta markinarra erreakzionatzen saiatu dira, lehen jokoko miraria errepikatu nahian, baina ez da posible izan. Olharanek eta Gorkak ez dute barkatu eta norgehiagoka berdindu dute (15-13).
Hirugarren eta azken joko erabakigarrian, Paueko aurrelari txikia eta atzelari lapurtarra erabat nagusi izan dira. Olharanek eta Gorkak ez diete batere aukerarik eman aurkariei. Johanek eta Ibarluzeak ez dute tanto bakar bat ere egin (5-0).