Barandikak eta Basquek Laduche eta Manci garaitu dituzte, bi jokotan, eta Eusko Label Winter Serieseko B multzoko liderrak dira
Xabi Barandikak eta Thibault Basquek 15-8 eta 15-6 menderatu dituzte Ludo Laduche eta Mikel Manci; irabazleek argi kontrolpean izan dute partida. Hala, Jai Alai Ligako egungo txapeldunek lau puntu eskuratu dituzte txapelketako seigarren ekitaldian jokatu duten lehenengo neurketan.
Barandikak eta Basquek indartsu ekin diote Eusko Label Winter Seriesi. Argazkia: EITB.
Xabi Barandikak eta Thibault Basque Ludo Laduche eta Mikel Manci garaitu dituzte, bi jokotan, 15-8 eta 15-6, 2026-2027ko Eusko Label Winter Serieseko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian, B multzoan, Gernikako Jai Alain, astelehenean. Horrenbestez, Jai Alai Ligako egungo txapeldunak diren Barandikak eta Basquek lau puntu eskuratu dituzte, eta liderrak dira B multzoan; Laduchek eta Mancik, ordea, ezin izan dute punturik batu, estreinaldian.
Norgehiagokan, bikote irabazlearen nagusitasuna argia izan da. Barandikak eta Basquek ia-ia hasieratik hartu dute aurrea markagailuan neurketan izandako bi jokoetan, eta berehala eskuratu dute aldea; gerora, abantaila hori ondo kudeatu eta baliatu dute.
Lehenengo jokoan, Gernikako aurrelaria eta Bidarteko atzelaria 8-2 aurretik joan dira atsedenaldira; emaitza horrek asko zailtzen zien lana aurkariei. Laduchek eta Mancik, baina, estutu egin dute, eta hiru tantora jarri dira, 11-8koan; baina Barandikaren eta Basqueren erantzuna bikaina izan da, jokoari amaiera eman dioten lau tanto jarraian egin baitituzte.
Bigarren jokoan, egoera ez da asko aldatu; izan ere, horretan ere izan dira gehiago Barandika eta Basque. Laduche eta Manci bikote aurkariaren joko onari aurre egiten ahalegindu dira, baina Ligako txapelketak oso sendo aritu dira txapelketan jokatu duten lehenengo partidan, eta garaipena bermatu egin dute, faborito nagusietakoak direla berretsita.