Finala ez da atzeratuko, eta otsailaren 15ean jokatuko da, nahiz eta Barandika lesionatuta egon
Barandika lesionaturik dabil, eta haren ordez nor arituko den txapelketak erabakiko du. Zehazki, finalerdietako ligaxkan hirugarren postuan sailkatzen den bikoteko aurrelariak hartuko du gernikarraren lekua finalean.
Azkenean Xabi Barandikaren lesio larriak ez du Eusko Label Winter Serieseko finalaren atzerapenik ekarriko, eta norgehiagoka aurreikusita zegoen datan jokatuko da, otsailaren 15ean, EITBk jakin ahal izan duenez.
Gainera, Barandika lesionatuaren ordez arituko den aurrelaria txapelketak erabakiko du. Zehazki, finalerdietako ligaxkan hirugarren postuan sailkatzen den bikotearen aurrelariak hartuko du gernikarraren lekua finalean. Honenbestez, Johan Sorozabalek, Alex Goitiak edo Eñaut Urreistik bete dezakete Barandikaren hutsunean neurketa handian.
Bestalde, datorren astelehenean, Barandika-Basque vs Urresiti-Lopez finalerdietako partidan, Jean Olharanek ordezkatuko du Gernikako aurrelaria.
Xabi Barandikak min hartu zuen 2025-2026ko Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako laugarren jardunaldian. Puntista gernikarrak, neurketako bigarren jokoan, pilotakada oso gogorra jaso zuen, eta, hori dela eta, haustura dauka ezker ukalondoko 'olekranon' hezurrean. Bigarren jokoan, emaitza 12-12koa zela, Goitiak erreboteatu egin zuen pilota bat, eta pilotak, markinarraren zestatik aterata, Barandika jo zuen.