Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia abuztuaren 3an, larunbata
KAYAK-KROSA
Miren Lazkanok eta Maialen Chourrautek aurrera egin dute Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan kayak-kroseko kanporaketan. Chourrautek errepeska jokatu bahar izan du eslalomeko proban, eta bigarren aukeran egin du aurrera.
GOLFA:
Jon Rahm golf-jokalari bizkaitarrak eta Xander Schauffele tituluaren defendatzaileak, 199 kolperekin (14 parretik behera) hirugarren jardunaldian, Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetako golf txapelketako lidergoa partekatzen dute.
Rahmek 66 kolperekin (5 parretik behera) bukatu du ibilbidea larunbat honetan, eta Xander Schauffele liderra harrapatu du.
SASKIBALOIA (3X3):
Gracia Alonso bilbotarrak jokatzen duen Espainiako 3x3 saskibaloiko emakumezkoen selekzioa zuzenean sartu da finalerdietan gaur Alemaniaren aurka 15-18 galdu arren. Emaitza horren ondorioz, beste bi partiden emaitzen zain egon behar izan dute espainiarrek. AEBk Txina 14-12 gainditu du, eta Australia jada kanporatuta zegoen Hortense Limouzin lapurtarraren Frantziari gailendu zaio (16-18).
Ondorioz, Espainiak bigarren amaitu du zortzi taldek osatutako multzoan eta astelehenan, hilaren 5ean, lehiatuko diren finalerdiak jokatuko ditu.
ARRAUNA:
Virginia Diaz seigarren izan da sculleko B finalean, eta diploma olinpikorik gabe geratu da. 7 minutu eta 34 segundoko marka egin du, 2.000 metrokoan.
JUDOA:
Ariane Torok talde mistoetako proban parte hartu du Espainiako selekzioarekin, eta final-zortzirenetan kanporatu dute. Japoniak 4-3 garaitu du Espainia.
WATERPOLOA:
Alberto Munarriz euskal jokalariak final-laurdenetarako txartela lortu du Espainiako selekzioarekin multzoko lider gisa, multzoen faseko azken partidan Japonia menderatuta (23-8). Munarrizek bi gol sartu ditu.
ESKUBALOIA:
Espainiako selekzioak galdu egin du Frantziaren aurka (32-24) B multzoko azken jardunaldiko partida. Espainia kanporatuta zegoen jada, final-laurdenetara sailkatzeko aukerarik gabe. Beraz, Lysa Tchaptchet jokalari nafarrak agur esan die Parisko 2024ko Olinpiar Jokoei.
FUTBOLA:
Espainiako futbol selekzioa Olinpiar Jokoetako finalaurrekoetan izango da, Kolonbia penaltietan menderatu eta gero. Hortaz, Irene Paredes eta Lucia Garcia futbolari euskal herritarrak dominak lortzeko lehian izango dira.
Montse Tomeren taldeari maldan gora jarri zaio partida, 0-2 galtzen joan baita markagailuan. Alabaina, norgehiagokaran azken minutuetan berdinketa lortu dute Jenni Hermosok eta Irene Paredesek sartutako golei esker. Luzapenean ez da golik izan, eta penalti jaurtiketetan gehiago asmatu du Espainiak.