Ariane Toro nafarra, zilarra Bakuko Munduko Judo Txapelketan
Judoka iruindarrak Uta Abe japoniarraren aurka galdu du finalean. Abe faborito nagusia zen. Japoniarra txapeldun olinpikoa izan zen Tokion, 2020an, eta txapeldunordea Parisen, 2024an.
Ariane Toro nafarra (eskuinaldean), Ayumi Leiva valentziarraren aurkako borrokaldian. Artxiboko argazkia: Europa Press
Ariane Toro iruindarrak, 52 kiloko emakumezkoen kategorian, zilarrezko domina eskuratu du Bakuko Munduko Judo Txapelketako bigarren jardunaldian.
Europako txapelketetan brontzezko hiru domina irabazi dituen judoka nafarrak Uta Abe japoniarraren aurka galdu du finalean.
Finalera heltzeko, nafarrak Gabriela Dimitrova bulgariarra, Sugdiyona Rafkatova uzbekistandarra, Uranzaya Bayanmunkh mongoliarra eta Odette Giuffrida italiarra kanporatu ditu.
Baina ezin izan du finalean Uta Abe faborito nagusia menderatu. Abe txapeldun olinpikoa izan zen Tokion, 2020an, eta txapeldunordea Parisen, 2024an. Gainera, japoniarra munduko txapeldun izan da bost aldiz, 2018tik 2025era bitartean.