Golfa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jon Rahmek ez du LIV Golf zirkuituan jarraituko

Barrikako golflariak banakako hirugarren garaipena erdietsi du Saudi Arabiako zirkuituan daramatzan hiru urteetan. LIV Golf Saudi Arabiako Inbertsio Funtsak finantzatu du, 2022an sortu zenetik, baina aurten lotura horrek ez duela jarraituko iragarri du.

(Foto de ARCHIVO)

Jon Rahm, The Open Championship



Europa Press/Contacto/David Blunsden

17/7/2026
Jon Rahm golflari bizkaitarra. Artxiboko argazkia: Europa Press

Jon Rahm Barrikako golf-jokalariak Liv Golf Saudi Arabiako zirkuitua uztea erabaki du. "Rahm jaunak modu independentean aztertu ditu LIV 2.0k proposatutako baldintzak, eta erabaki du horiek onartezinak direla berarentzat, beraz, ez du LIV 2.0n parte hartuko etorkizunean", baieztatu du asteazken honetan John Beck Rahmen abokatuak.

Becken arabera, Rahm eta LIV lanean ari dira bideak banantzeko akordio bat urriaren 15a baino lehen ixteko. 31 urteko Rahm LIV Golfen banakako bere hirugarren garaipena lortu du, ligan daramatzan hiru urteetan. Bizkaitarrak kontratu bat sinatu zuen, eta, jakinarazi dutenez, oraindik 100 milioi dolar baino gehiago geratzen zaizkio kobratzeko; maiatzean berak aitortu zuenez, oraindik urte batzuk geratzen dira lotura bukatzeko.

LIV Golf Saudi Arabiako Inbertsio Funtsak finantzatu du 2022an sortu zenetik urte honetara arte, baina diru iturria kentzea erabaki du aurten.

Ligak akordio bat du BC Partners Advisorsekin bere berregituraketan laguntza jasotzeko. Jatorrizko akordioak baldintza bat jaso zuen: ligak dirua zor dizkien jokalarien % 50ek, gutxienez, LIV 2.0 bertsioan parte hartzea onartzea, egoera ekonomiko kaskarraren berri eman eta 35 eguneko epean.

Rahmek Hong Kongen eta Mexiko Hirian irabazi du denboraldi honetan LIV Golf zirkuituan, eta lau aldiz bigarren amaitu du. Bizkaitarrak DP World Tourreko denboraldia Abu Dhabin eta Dubain itxiko duten txapelketetan parte hartzea espero da. Rahmek, ordea, ez du Espainiako Irekian parte hartuko, bera eta bere emaztea, Kelley, laugarren semearen jaiotzaren zain baitaude.

Sergio Garciak ere LIV utziko du

Bestalde, Sergio Garciak ere iragarri du "Saudi Arabiako zirkuitutik alde egiteko prozesuan" dagoela, "baina hori zailtzen duten baldintzak daude, eta espero dut dena argitzea aukera onenak zeintzuk diren ikusteko, auzitegietara jo behar izan gabe".

"LIV asko gustatu zaidan produktua da, interesgarria eta polita. Kalitate handiko golfa eraman du munduko txoko askotara. Gainera, PGA Tourra hobetzen lagundu du, eta, beraz, positiboa izan dela uste dut", gaineratu du.

 

Publizitatea
X
Publizitatea
X