Jannik Sinnerrek ez du partidarik jokatuko 2027ra arte, belaunean duen lesioagatik
Tenislari italiarrak iragarri du hori. Sinnerrek, munduko sailkapeneko lehenengoa bera, uztailaren 12tik ez du partida ofizialik jokatu, hau da, Wimbledoneko finala irabazi zuenetik: "Medikuek eta nik neuk erabaki dugu belaunerako tratamendu bat egin behar didatela; hortaz, 2026ko denboraldia ofizialki amaitu da niretzat", adierazi du.
Jannik Sinnerrek ez du beste partidarik jokatuko 2026an. Argazkia: Europa Press.
Jannik Sinner tenislari italiarrak ez du beste partidarik jokatuko 2027ra arte, eskuin belaunean duen lesioagatik, berak asteartean iragarri duenez.
Sinnerrek, munduko sailkapeneko lehenengoa bera, uztailaren 12tik ez du partida ofizialik jokatu, hau da, Wimbledoneko finala irabazi zuenetik: “Medikuek eta nik neuk erabaki dugu belaunerako tratamendu bat egin behar didatela; hortaz, 2026ko denboraldia ofizialki amaitu da niretzat”, adierazi du.
“Azken urte hauek, bereziki Turingo amaierak (alegia, ATPko finalek), sentimendu eta emozio oso politak oparitu dizkidate, baina aurten oso bestelakoa izango da”, gehitu du. Sinnerrek azaldu du “epe luzera” begira pentsatu behar duela, eta “ahal duen guztia” egingo duela ehuneko ehunean bueltatzeko.
Munduko sailkapeneko lehenengo posturako lehian, italiarra ez egoteak ondorioak ekar litzake; izan ere, Alexander Zverev alemaniarrak eskura lezake aurreneko postu hori, baldin eta behar dituen puntuak lortzen baditu.