Europa Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realaren erakustaldia Norvegian (0-6), Europan lehen garaipena lortzeko

Sergio Gomezek sartutako bi golek, Sucicek egindako beste bik, Oskarssonek sartutako batek eta Zakharianek egindako azkenak Realak Europan sekula lortu duen gol-kopuru handiena berdindu egin dute.

Lillestrom (Norway), 22/10/2026.- Real Sociedad Luka Sucic after scoring a goal during the UEFA Europa League football match between Lillestrom and Real Sociedad at Arasen. (Noruega) EFE/EPA/Jonas Been Henriksen NORWAY OUT

Sucic, bere bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak Norvegiako Lillestrom jipoitu du etxetik kanpo (0-6) eta bere lehen garaipena lortu du Europa Ligan. Talde txuri-urdinak lehen zatian Martin Odegaarden aitak entrenatutako taldea txikitu du. Oyarzabalek goleko hiru pase eman ditu lehen zatian, eta bigarren zatian donostiarren erakustaldiak ez du etenik izan.

Neurketaren laburpena

Iragarkia
Lillestrom (Norway), 22/10/2026.- during the UEFA Europa League soccer match between Lillestrom and Real Sociedad at Arasen in Lillestrom, Norway, 22 October 2026. (Noruega) EFE/EPA/Jonas Been Henriksen NORWAY OUT
18:00 - 20:00

Hiru gol lehen zatian

Bi taldeek lehen minutuetan elkarri aztertu ostean, Lillestromek ordura arteko aukerarik argiena izan du. 18. minutuan, aurrelari norvegiarrak gehiegi gurutzatu du bere jaurtiketa Marreroren aurrean. Atezain azpeitiarrak ez du esku hartu behar izan.

24. minutuan hasi da Mikel Oyarzabalen jaialdia. Kapitainak oso zuhur eutsi dio baloi bati area barruan, eta Sergio Gomez bakarrik ikusi duenean pase bikaina eman dio. Kataluniarrak ez du aukera alferrik galdu, eta 0-1ekoa jarri du markagailuan jaurtiketa zehatz batekin.

Arnasa hartzeko ia astirik gabe, 26. minutuan, eibartarrak gaueko bere bigarren harribitxia utzi du, berriz ere bazkide berberarekin. Oyarzabal-Sergio Gomez konexio berria Realaren bigarrena egiteko. Oyarzabalen jokaldi bikaina area barruan, atzelari bat trebetasunez atzean utzi du, Sergiori beste pase bikain bat emateko. Kataluniarrak gozokia jaso du, eta baloia sareetara bidali du. Mikelek jokaldiaren hasieran zuen posizioa jokoz kanpokoaren mugan zegoen, baina gola markagailura igo da.

29. minutuan, Sarrek txartel horia ikusi du, Eskandinaviako taldearen jokalari baten jokaldia faltan eten ondoren. Donostiarrek Oyarzabali egindako penaltia eskatu dute jokaldi berean. 31. minutuan, Marrerok huts egin du baloiaren irteeran, eta txuri-urdinek susto txikia hartu dute. Sarrek arriskua uxatu du.

32. minutuan iritsi da Realaren hirugarren hozkada Oyarzabalen beste asistentzia bikain batean, oraingoan Sucicek atezain norvegiarra gainditu du jaurtiketa bikain batekin. Matarazzoren taldeari dena atera zaio lehen zatian, eta Oyarzabalek erakustaldia eman du.

Beste hiru gol bigarren zatian

Aldageletatik bueltan, bigarren zatia bi susto serioekin hasi da gipuzkoarrentzat. Lehenengo, epaileak adierazitako penalti batekin. Marrerok gelditu egin du norvegiarren balizko erreakzioa. Ondoren, norvegiarren beste jokaldi arriskutsu batean, azpeitiarrak defendatutako atearen langa jo du baloiak.

Hala ere, 63. minutuan, Guedesek zuzendutako kontraeraso batek txuri-urdinen laugarren gola ekarri du, Oskarssonek portugaldarraren pase on bat jaso ondoren.

71. minutuan, Oskarssonek abisua eman ostean, Sucicek bostekoa osatu du, Lillestromek egindako oparia aprobetxatuta. Oskarssonek beste aukera argi bat izan du ondoren, baina Norvegiako atezainak gelditu egin du islandiarraren errematea.

Txuri-urdinen jaialdia ez da amaitu, eta Zakharianek seigarrena sartu du, jaurtiketa aparta batekin, baloia eskuadran kokatuz. Horrela, talde txuri-urdinak bere historian partida bakarrean Europan lortutako gol-kopururik handiena berdindu du. Talde gipuzkoarrak beste hiru abagune izan ditu jipoia areagotu eta historia egiteko, baina ez da posible izan.

Publizitatea
X
Publizitatea
X