EA SPORTS LIGA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Realaren gol festa Malagan (2-5)

Oyarzabalen bi golek eta Kubo, Oskarsson eta Guedesen beste banak gidatu dute txuri-urdinen garaipena.

MÁLAGA, 18/10/2026.-El jugador de la Real Sociedad Takefusa Kubo (2d) celebra su gol contra el Málaga, durante el partido de la jornada 9 de LaLiga EA Sportsentre el Málaga y la Real Sociedad, este domingo en el estadio La Rosaleda en Málaga.-EFE/ Jorge Zapata
Realeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak hirugarren garaipena jarraian lortu du Ligan igande honetan, Malaga jipoituta (2-5), Rosaledan jokatu den EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partidan. Oyarzabalen bi golek eta Kubo, Oskarsson eta Guedesen beste banak gidatu dute txuri-urdinen garaipena.

Partidaren laburpena

Partida ezin hobeto hasi da txuri-urdinentzat, 3. minuturako aurrea hartuta baitzeuden markagailuan. Take Kubok areara eraman du baloia, eta, inork estaltzen ez zuela ikusita, bigarren zutoinera urrundutako jaurtiketa batekin animatu da, gol ikusgarria sartuz.

0-1: Kuboren gola

Matarazzok hamaikako oso erasokorra atera du: Oskarsson eta Oyarzabal aurrealdean eta Barrenetxea eta Kubo hegaletatik. Ondorioz, euskal taldea izan da erasoko ekimena eraman duena.

Malagak korner batetik erreakzionatu nahi izan du, baina Recioren urruneko jaurtiketa, aldaratzea jaso ondoren, gora joan da. Era berean, Kubo Herrero ezustean harrapatzen saiatu da, erdiratu behar zuela zirudienean atera jaurtita, baina baloia kanpora joan zaio gutxigatik.

21. minutuan, Remirok geldiketa bikaina egin du Salinasen jaurtiketa gelditu eta berdinketa saihesteko.

Handik gutxira, Oskarssonek bigarren gola izan du bere botetan kontraeraso azkar batean, baina jaurtiketa hiru zutoinetatik kanpora joan zaio eskuinetik. Hala ere, talde andaluziarraren aldentzeko saiakera pase sakona bihurtu da norvegiarrarentzat, oraingoan ez du huts egin eta abantaila handitu du.

0-2: Oskarssonen gola

Barrenetxea izan da hurrena zortea probatzen, Oyarzabalen pasea jaso eta atezainaren eskuetara joan den jaurtiketarekin.

Malagak presioa egin du goian kontrako zelaian, baina arrisku handirik sortu gabe, eta, horri esker, Reala kontraerasoan aritu da. Oyarzabalek izan du lehen zatiko azken abagunea, atezainak gelditu duen jaurtiketa bortitzarekin.

Aldageletatik bueltan, etxeko taldeak kontraeraso azkar batean aurkitu du gola. Pablo Martinezek pase zehatza eman du atzerantz eta Niñok baloia lehertu du.

1-2: Niñoren gola

Gipuzkoako taldeak azkar erantzun du, eta Oyarzabal kapitainak gol ikusgarria sartu du lehen zutoinetik, denboraldiko bere lehen gola.

1-3: Oyarzabalen gola

Partida hasi eta ordubetera, Malagak aldeak murrizteko aukera izan du Chuperen burukada batekin. Pablo Martinez izan da baina ondo aritu dena, aldaratzea korner batean jaso eta baloia sare barrura lehertuta.

2-3: Pablo Martinezen gola

Baina, beste behin ere, Realak gogor erantzun du eta Oyarzabalek, zutoinera itsatsitako beste jaurtiketa batekin, bere bigarren gola sartu du.

2-4: Oyarzabalen gola

Matarazzoren taldea ez da hor gelditu, eta taldeko beste jokaldi batean bosgarren gola sartu du: Barrenetxearen pase bikaina, Oskarssonek sartzen asmatu ez duena, baina Guedes adi egon da baloia jaso eta gola sartzeko.

2-5: Guedesen gola

Hurrengo minutuek joko erritmoa jaitsi dute, nahiz eta bi taldeek gol aukeraren bat izan duten. Hala ere, Realak kontrolpean izan du jokoa, ez du lorik hartu eta garaipen bikaina eskuratu du.

Publizitatea
X
Publizitatea
X