Eibarren garaipena, Athleticen ezintasuna (0-1)
Eibarrek 0-1 irabazi dio Athletici, Lezaman jokatu duten F Ligako euskal derbian. Elba kapitainak sartu du armaginen gola, hirugarren minutuan. Zuri-gorriak nagusi izan dira zelaian, baina Eibarrek sekulako lana egin du defentsan, eta Athletici ezinezkoa izan zaio emaitza iraultzeko gol aukera garbirik sortzea.
Armaginak neurketa hasi eta berehala ipini dira aurretik markagailuan. Van Deursenek area kanpotik egindako jaurtiketak zutoina jo du, aldaratzea Elbari iritsi zaio, eta honek baloia sarera bidali du, inolako eragozpenik gabe, Adriana Nanclares salduta geratu baita.
Lehendabiziko zatian, baloiaren jabetza talde zuri-gorriak izan du eta sei korner atera ditu, baina ez da gai izan Maria Mirallesen ate inguruan arrisku nahikorik sortzeko, Eibar oso ondo kokatu delako zelaian, hasiera-hasieratik, eta defentsa lanean sendo aritu delako, lerro guztietan, aurretik atzeraino.
Horrenbestez, Athletici ezinezkoa izan zaio berdinketa lortzea, eta 0-1ekoarekin joan dira bi taldeak atsedenaldira.
Aldagelatik bueltan, David Aznarren neskak erritmo biziagoarekin hasi dira, baloia azkarrago mugituz, aurkariari min egin nahian. Armaginek, berriz, euren planari eutsi diote: defentsan sendo aritu eta, ahal izanez gero, kontraerasoan Athletic ezustean harrapatzea, bigarrena sartzeko.
Edonola ere, bigarren zatian ere, lehendabizikoan ikusitako gidoia errepikatu da. Zuri-gorriak behin eta berriro saiatu dira, baina ezin izan dute Eibarren defentsa gainditu, eta azken txanpan estuasun gehiagotan jarri badituzte ere, ez dira gai izan gol aukera garbiak sortu eta, gutxienez, berdinketa lortzeko.
Horrenbestez, armagainak gailendu dira Lezamako derbian. Ez dute joko ona egin, baina izan duten gol aukera bakarra sartu egin dute, eta abantaila horri bukaerarino eusteko kemena erakutsi dute. Garaipen handia eskuratu dute, eta bederatzigarren kokatu dira, Levante Badalonaren partidaren faltan, beheko postuetatik ihes eginda.
Zure interesekoa izan daiteke
Jesus Owono: “Nire bizitzako egunik zailenak ari dira izaten”
Yangel Herrera: “Dohain handiko bi talderen arteko goi mailako partida izango da”
Aramburu eta Yangel Herrera, Venezuelaren zerrendan Euskal Selekzioaren aurkako lagunartekorako
PSGk sendo eusten dio lehen postuari, Vila-real jipoitu du eta; Bartzelonak Aston Villari irabazi dio
Guruzeta osaturik dago ezker belauneko ebakuntzaren ondoren
Espainiako Futbol Federazioak ostiralera arte luzatu du bere lehiaketen geldialdia
UEFAk minutu bateko isilunea agindu du partida guztietan, Jesus de Miguelen omenez
Bertan behera, Errege eta Erregina Kopetako gaurko partidak, Jesus de Miguel jokalariaren heriotzagatik
Jesus de Miguel Tenerife taldeko aurrelaria hil da, Andorraren aurkako partidan hartutako kolpearen ondorioz