HERIOTZA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jesus de Miguel Tenerife taldeko aurrelaria hil da, Andorraren aurkako partidan hartutako kolpearen ondorioz

De Miguel ospitaleratuta zegoen atzotik, Andorraren aurkako partidan kolpe handia hartu baitzuen.
Jesus de Miguel Tenerifeko jokalaria. Argazkia: EFE / CD Tenerife

Jesus de Miguel Tenerifeko jokalaria. Argazkia: EFE / CD Tenerife.

Jesus de Miguel 30 urteko CD Teneriferen aurrelaria hil egin da, asteartean, Candelariako Ospitale Unibertsitarioan, Andorraren kontrako partidan hartutako kolpe gogorraren ondorioz. Hori jakinarazi du klubak X sarean, ohar batean.

Heliodoro Rodriguez Lopez futbol-zelaian, Tenerife eta Andorra arteko Hypermotion Ligako 12. jardunaldiko partidaren azken minutuetan gertatu zen Jesus de Miguel aurrelariaren eta Jesus Owono atezainaren arteko talka. Bi jokalariak airean zegoen baloiaren bila zihoazela izan zen ezbeharra.

Horren ondorioz, neurketa bertan behera utzi zuten, 108. minutuan, larrialdietako zerbitzuetako langileei zelaira sartzea ahalbidetzeko. Han bertan artatu zuten arren, ospitalera eraman zuten berehala. Handik, albistea itxaropentsua eman zuten: jokalaria egonkor zegoen, larritasunaren barruan.

Astearte goizaldean, ordea, De Miguelen egoera neurologikoak okerrera egin zuen, eta ordu batzuk geroago, 08:00etan, hil egin zela jakinarazi zen.

Espainiako Futbol Federazioak ostiralera arte luzatu du lehiaketen geldialdia

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) aste honetarako aurreikusita zeuden Errege Kopako eta Erregina Kopako partidak bertan behera utzi ditu, jokalariaren heriotzaren ostean.

Hasiera batean, erakundeak asteartean jokatzekoak ziren bi txapelketetako partidak utzi ditu bertan behera, baina, azkenean, asteazkeneko eta osteguneko partidak ere ez jokatzea erabaki du, "errespetua eta elkartasuna adierazteko".

UEFAk minutu bateko isilunea agindu du bere partida guztietan

UEFAk minutu bateko isilunea ezarri du asteartean, txapelketako partida guztietan. Horrela, astearte eta asteazkeneko Txapeldunen Ligako partidetan minutu bateko isilunea egingo da Jesus de Miguelen omenez, baita Europa eta Konferentzia Ligako osteguneko norgehiagoketan ere.

Andorra, “atsekabetuta eta hunkituta”

Andorra "erabat atsekabetuta eta hunkituta" agertu da astearte honetan, eta "babesa" erakutsi die Teneriferi eta Jesus de Miguelen familiari.

Andorrako agintari nagusiak, Ferran Vilasecak, gutun bat irakurri eta ez du komunikabideen galderarik jaso nahi izan. "Badakigu hitz bakar batek ere ezin duela horrelako mina arindu, baina beraiekin gaudela eta euren tristura sakonki partekatzen dugula jakin dezaten nahi dugu", ziurtatu du.

"Gure babes osoa helarazi nahi diegu CD Teneriferi, jokalariei, talde teknikoari, langileei eta zaleei. Gertatutakoarekin erabat jota gaude eta kluba bizitzen ari den minarekin bat gatoz. Hareman sakona mantendu dugu beraiekin lehen momentutik, eta haien esanetara gaude behar izan dezaketen edozerekin", gaineratu du.

Halaber, Andorrak datorren igandean FAFeko Nou Estadin Mallorcaren aurka jokatuko duen partida bertan behera uztea eskatu duela jakinarazi du, jokalariak jota baitaude bizitakoaren ondoren.

"Mallorcaren aurkako hurrengo partida bertan behera uztea eskatu dugu, min handiko uneak baitira, eta kaltetutako pertsona guztiekiko errespetua eta laguntza izan behar dira nagusi. Gertatutakoak eragin emozional handia izan du gure jokalariengan, gure talde teknikoarengan eta gure kluba osatzen duten pertsona guztiengan", azpimarratu du.

Ikerketa judiziala

Futbolariaren heriotzaren nondik norakoak direla eta, Polizia Nazionalak ikerketa abiatu du, eta epailearen ikuskaritzapean dago jada, probintziako polizia-etxeko iturriek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenaren arabera.

Kanarietako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek zehaztu dute, halaber, arrazoi naturalik ez duen heriotza orok (istripuren bat edo beste arrazoiren bat dela medio) ofizioz ikerketa judiziala irekitzea dakarrela.

Jose Luis Sanchez-Jauregi Tenerifeko Santa Cruzeko fiskalburuak "oso zail" ikusten du heriotzagatik prozesu penal bat irekitzea, izan ere, kolpea jokoaren parte zen eraso batean hartu zuen. Hortaz, Kirol Diziplinako Batzordearen ebazpenaren zain egon beharko da.

Publizitatea
X
Publizitatea
X