Jesus Owono: “Nire bizitzako egunik zailenak ari dira izaten”
Andorrako atezainak babes mezua bidali die Jesus de Miguel Tenerifeko aurrelariaren senideei; De Miguel asteartean hil zen, bi jokalari horien arteko talka baten ondorioz larri lesionatu eta gero: “Min izugarria dut Jesusen heriotzagatik”, adierazi du Owonok.
Jesus Owono, artxiboko irudian. Argazkia: Europa Press.
“Nire bizitzako egunik zailenak ari dira izaten. Hitzak topatzea kostatzen zait, eta oso zaila da gertaturikoa asimilatzea”, onartu du, asteazkenean, Jesus Owono Andorrako atezainak, Jesus de Miguel Tenerifeko aurrelariaren heriotzaren harira; izan ere, De Miguel asteartean hil zen, astelehenean jokatutako Tenerife-Andorra partidako jokaldi batean Owonorekin talka egin ondoren.
Andorrak zabaldutako ohar baten bidez, Owonok babes mezua helarazi die aurrelariaren senideei: “Min izugarria dut Jesusen heriotzagatik”, adierazi du atezainak.
“Bera, haren senideak eta bera maite zuten guztiak ditut gogoan”, gehitu du Owonok, eta nabarmendu du, halaber, albisteak ekarriko duen guztiari helduko diola: “Jakinaren gainean nago: hainbat konturi heldu beharko zaie. Errespetu osoz egingo dut. Une honetan, benetan, soilik Jesusengan pentsatu ahal dut, eta bizi izaten ari garen minean. Goian bego, Jesus”.
Teneriferen eta Andorraren partidak atzeratu dituzte
Gainera, asteazkenean, erabaki dute atzeratzea Andorra-Mallorca eta Granada-Tenerife partidak, De Miguelen heriotzagatik; asteburuan jokatzekoak ziren, Hypermotion Ligako hamahirugarren jardunaldiaren barruan. Hortaz, beste egun batean jokatuko dituzte neurketa horiek; oraindik ez dute zehaztu noiz.
Horrez gain, Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketako Epaileak bukatutzat eman du Tenerife-Andorra partida; izan ere, horretan gertatu zen talka, amaitzeko minutu gutxi batzuk falta zirela, eta epaileak ebatzi du azken emaitza partida bertan behera utzi zutenekoa izango dela, alegia, 2-2koa (epaileak, aktan, emaitza hori jaso zuen).
Omenaldiak, De Miguel gogoan
Larunbat arratsaldean, Heliodoro Rodriguez Lopez futbol zelaian, alegia, Teneriferen estadioan, omenaldi ekitaldia egingo dute, Jesus de Miguel gogoan; horren aldeko hileta elizkizuna ostegunean izango da, Navahermosan, Toledon.
Azkenik, Las Palmasek iragarri du nola, igandean, Hypermotion Ligan, Eldense aurkari, zuri-urdinez jokatuko duen, alegia, adierazi du Tenerifeko koloreak jantziko dituela. Beste klub batek, hain zuzen ere Almeriak, erabaki du 34. jardunaldiko Almeria-Tenerife partidan sarrerak saltzeagatik lortutako dirua “Jesus de Miguelen senideei laguntzeko” erabiliko duela, osorik.
Zure interesekoa izan daiteke
Yangel Herrera: “Dohain handiko bi talderen arteko goi mailako partida izango da”
Aramburu eta Yangel Herrera, Venezuelaren zerrendan Euskal Selekzioaren aurkako lagunartekorako
PSGk sendo eusten dio lehen postuari, Vila-real jipoitu du eta; Bartzelonak Aston Villari irabazi dio
Guruzeta osaturik dago ezker belauneko ebakuntzaren ondoren
Espainiako Futbol Federazioak ostiralera arte luzatu du bere lehiaketen geldialdia
UEFAk minutu bateko isilunea agindu du partida guztietan, Jesus de Miguelen omenez
Bertan behera, Errege eta Erregina Kopetako gaurko partidak, Jesus de Miguel jokalariaren heriotzagatik
Jesus de Miguel Tenerife taldeko aurrelaria hil da, Andorraren aurkako partidan hartutako kolpearen ondorioz