Ikusmin handia Osasuna-Athletic partidarako: Kopako finalerdia abian da
Osasunak eta Athleticek asteazkenean ekingo diote Kopako finalerdiari, 21:00etan, Sadarren. Kanporaketan, biak ala biak ahaleginduko dira eskuratzen maiatzaren 6an Sevillako Cartuja futbol zelaian jokatuko duten finalerako txartela; hori, ziur aski, itzuliko neurketan zehaztuko da, San Mamesen, apirilaren 4an. Osasunak eta Athleticek lehen aldiz jokatuko dute elkarren aurka finalerdietan; nafarrek final bat jokatu dute, eta bizkaitarrak, ordea, 41 aldiz izan dira partida erabakigarrian. EITBk zuzenean emango ditu finalerdietako bi neurketak eta finala.
Testuinguru horretan, Osasunak zaleen babes handia jasoko du. Aurreikuspena da gau historikoa izatea; gainera, gorritxoek, igandean garaipen bikaina erdietsi zuten Sevillan, Sanchez-Pizjuan zelaian, eta horrek handitu egin du ilusioa Nafarroako hiriburuan. Jagoba Arrasateren taldea duela 18 urte iritsi zen azkenengoz Errege Kopako finalerdietara. Orduan, 2005ean, Atletico Madril izan zuen aurkari, eta Osasuna 1-0 gailendu zen joanekoan, Iruñean, Valdok sartutako golari esker, eta itzulikoan, Madrilen, nafarrek berdinketari eutsi zioten (0-0). Horrela, Osasuna finalerako sailkatu zen.
2022-23 denboraldiko Kopa honetan, finalerdietara iristeko bidea ez da erraza izan. Jagoba Arrasateren gizonek Fuentes, Arnedo eta Nastic (luzapenean) kanporatu zituzten, eta, jarraian, final zortzirenetan, Betis izan zuten arerio; nafarrek Benito Villamarinen kanporatu zuten egungo txapelduna, penaltietan. Final-laurdenetan, Sadarren, zaleek babestuta, Osasunak Sevilla menderatu zuen, luzapenean.
Arrasate entrenatzailearen iritziz, Osasuna "prest" dago, aurten taldeak honelako partidak jokatu baititu, eta, gainera, igandean Sevillan hiru puntuak eskuratu ondoren, "gogo aldartea ona da". "Finala jokatu nahi dugu", adierazi du Arrasatek, "baina, horretarako, merituak egin behar dira, bi partida handi jokatu behar ditugu".
Iruñean, sentsazioak ezin hobeak dira. Igandean, Osasunak maila oso ona eman zuen, Sevillaren aurkako partidan. Gorritxoak bi aldiz jarri ziren aurretik markagailuan, eta Sevillak bitan berdindu, baina Abdek, azkenean, 2-3koa egin zuen. Taldea oso bizi ibili zen, beti erasora. Gainera, gorritxoen jokalari garrantzitsuenetako batzuek atsedena hartu zuten, Athleticen aurkako partidara ahalik eta ondoen iritsi nahirik; Torro, Chimy Avila, Abde, Moi Gomez eta Budimir ordezkoen aulkian zeuden partidaren hasieran, baina asteazkenean aukera handia dago horiek guztiak hamaikakoan egon daitezen.
Futbol zelaia eraberritu zutenetik, inoiz baino zale gehiago izango dira Sadarren. Osasunako bazkideek sarrerak eskuratu ostean, klubak 700 bat jarri zituen salgai, eta oso denbora gutxian agortu ziren. 22.000 ikusletik gora bilduko dira kanporaketa zuzenean bizitzeko, eta betebehar garrantzitsua izango dute euren taldeari laguntzeko.
Athletic, laugarren aldiz jarraian finalerdietan
Athleticen, Ernesto Valverderen gizonek porrot mingarria jasan zuten igandean, San Mamesen, Gironaren aurkako neurketan. Talde zuri-gorriak bi gol sartu zituen bere atean, eta, horrez gain, lau jokalari lesionatu egin ziren: Unai Simon, Jon Morcillo, Raul Garcia eta Yeray. Aurreko egunean, Lezaman entrenatzen ari zela, Nico Williams lesionatu zen, belaunean min hartuta. Horiez gain, Iñigo Martinezek eta Ander Herrerak aste batzuk daramatzate jokatu ezinik, minduta.
Ikusteko dago jokalari horietako baten bat Sadarren jokatzeko moduan dagoen, eta ez da erraza asmatzea Ernesto Valverdek osatuko duen hasierako hamaikakoa zein izan litekeen. Julen Agirrezabala izango da atepean, azken bi denboraldietako Kopan gertatu denez, eta baliteke atzealdean Dani Vivian aritzea; gasteiztarra zigortuta egon zen igandean, bosgarren txartel horia ikusi zuelako. Zelai erdia nola moldatzen duen erabaki beharko du entrenatzaileak, baina baliteke Mikel Vesga eta Oihan Sancet hasieratik aritzea, edo, agian, Oier Zarraga edo Dani Garcia sar litezke taldean.
Laugarren aldiz jarraian jokatuko du finalerdi bat Athleticek. 2019-20 eta 2020-21 denboraldietan, bilbotarrek finalerako sailkatzea lortu zuten, Granada eta Levante taldeak txapelketatik at utzita; 2021-22koan, ordea, Valentziak egin zuen aurrera.
Aurten, Athleticek talde hauek menderatu ditu finalerdietara iristeko: Alzira, Sestao River, Eldense, Espanyol (final-zortzirenetan) eta Valentzia (final-laurdenetan).
Osasunak eta Athleticek behin jokatu dute elkarren aurka denboraldi honetan. Ligan, urtarrilean, San Mamesen, 0-0 amaitu zuten neurketa nafarrek eta bizkaitarrek.
Zure interesekoa izan daiteke
Reala hondoratu egin da azken minutuetan Atleticoren aurka (0-3)
Partida osoan zehar aurkariari aurre egin ondoren, 84. minutuan egindako penalti batek gidoia erabat aldatu du, 10 minututan hiru gol jasoz.
Valentziak Corberan eta Gourlay kaleratu ditu, eta egungo kirol egitura hautsi du
Valentzia EA Sports Ligako azken sailkatua da gaur egun, bost partidatan puntu bakarra lortu ondoren.
Aitor Mañasek alta jaso du, Racingen aurka garuneko kommozioa izan eta gero
Harrobiko jokalariak bere taldeak Valentziaren eta Athleticen aurka jokatuko dituen partidak galduko ditu, eta denborak argituko du hurrengo partidetak jokatzeko moduan izango den.
Realak krisian jarraitzen du eta Teneriferekin berdindu du (1-1)
Realak garaipenik gabe jarraitzen du denboraldi honetan, F Moeve Ligako 3. jardunaldian Teneriferen aurka 1-1 berdindu baitu. Ainoa Campok aurretik jarri ditu txuri-urdinak, baina Eva Vergesek markagailua berdindu du azken minutuetan.
Guallarrek garaipena eman dio Alavesi Granadaren aurka (1-0)
Ainhoa Guallarrek lehen zatiko denbora erantsian sartutako golari esker Alaves Gloriosasek Granada mendean hartu du igande honetan eta denboraldiko bigarren garaipena lortu du Mendizorrotzan.
Galarreta: “Galtzen hasi ondoren, puntu bat ondo dago"
Athleticeko jokalariak larunbat honetan Elxen aurka lortutako berdinketaz (1-1) hitz egin du, San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko partidan.
Athleticek puntu bat berreskuratu du Elxen aurka (1-1)
Buonanottek penaltiz aurreratu du talde andaluziarra, baina Chustek bere atean sartutako gol batek markagailua berdindu du euskal taldeari puntu bat emateko.
Ruben Garcia: “Lehen minutuak kaotikoak izan dira"
Osasunako jokalariak Espanyolen aurka jasotako porrotari buruz hitz egin du (0-2) Sadarren, EA Sports Ligako bosgarren jardunaldian. Autokritika egin du izan duten partida hasiera kaskarraz.
Sanchez Flores: “Ondo lehiatu gara, baina ez du eman"
Alaveseko entrenatzaileak Racingen aurka jasotako porrotari buruz hitz egin du (2-1) larunbat honetan, EA Sports Ligako 5. jardunaldiko partidan. Oso partida parekatua izan dela nabarmendu du, eta xehetasun txikiengatik erabaki dela.
Sanseren joak Andorra menderatu du (1-3)
Donostiako filiala zehaztasunez, potentziaz eta erasoetan zuzen aritu da lehen zatian, eta azkar ziurtatu du garaipena.