OHIKO BATZAR NAGUSIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Athleticek 152,6 milioiko aurrekontua onartu du, 2026-2027 denboraldirako

Bilboko klubaren Ohiko Batzar Nagusian, bazkide konpromisarioek, gainera, 2025-2026 denboraldiko kontuen balantzea onartu dute. Aurrekontuak % 71eko babesa izan du, eta, aurreko denboraldiko kontuei dagokienez, horiek botoen % 79 izan dute alde.

Jon Uriarte eta Jon Berasategi (Athletic)

Jon Uriarte Athleticeko presidentea, asteazkenean egindako Batzarrean. Argazkia: EFE.

Athleticeko bazkide konpromisarioen Ohiko Batzar Nagusiak onartu egin du, asteazkenean, aldeko botoak % 71 izan direla, 2026-2027 denboraldirako aurrekontua; hain zuzen ere, Jon Uriartek zuzentzen duen Zuzendaritza Batzordeak 152,6 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du.

Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, diru-sarrerek 40 milioi euro egin dute behera. Orduan, klubak marka hautsi zuen, 192,9 milioiko aurrekontua izan baitzuen. Gainera, konpromisarioek 2025-2026 denboraldiko kontuak ere babestu dituzte; hain zuzen, botoen % 79 izan dira aldekoak.

Horrez gain, Athleticeko bazkideek Zuzendaritza Batzordeak aurreko ekitaldian egindako kudeaketa onartu dute; puntu horretan, botoen % 58 izan dira aldekoak, hau da, babesa beste bi bozketatan izandakoa baino txikiagoa izan da.

Uriarte bosgarren aldiz aritu da, presidente moduan, Athleticeko Ohiko Batzar Nagusian, aurrenekoz bigarren legegintzaldian. Zuzendaritza Batzordeak, Guillermo Ruiz-Longarte diruzainaren bidez, ekonomia aurreikuspenen berri eman du, eta azaldu du nola egoera aldatu den, kontuan izanik 2025-2026 denboraldian Athleticek Txapeldunen Liga jokatu zuela. Aurrekontuan, islatuta dago -3,2 milioi euroko ustiapen emaitza; kirol txapelketengatik eta emankizun eskubideengatik iritsitako diru-sartzeak 50,7 milioi gutxiago dira, eta horrek baldintzatu egiten ditu hurrengo ekitaldirako aurrekontua.

Klubaren asmoa da beherakada hori partzialki konpentsatzea jokalari batzuk saltzeagatik eta beste batzuen lagapenagatik jasotako 15,3 milioiekin. Gastuei erreparatuta, aurrekontuak dakar pertsonaleko gastuek 5,2 milioi euro egin dutela gora, klubak gauzatu nahi duen politikaren barnean, alegia, hazteko eta talentua bereganatu eta horri eusteko politikaren testuinguruan. 

Publizitatea
X
Publizitatea
X