Axel van der Tuuk, Euskaltel-Euskadiren lehen fitxaketa
Euskaltel-Euskadik Axel van der Tuuk fitxatu du ondorengo bi denboraldietarako, 2026rako eta 2027rako. Txirrindulari herbeheretarra euskal taldeak datorren denboraldirako baieztatu duen lehen fitxaketa eta hamabigarren txirrindularia da.
Talde laranjak Iker Mintegiren kontratua berritu du, eta Jon Agirre, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Ander Ganzabal, Paul Hennequin, Txomin Juaristi, Jordi Lopez, Gotzon Martin, Louis Sutton eta Danny van der Tuuk (Axelen anaia zaharrena) txirrindularien jarraipena baieztatu du.
Van der Tuuk 'stagiaire' gisa aritu da Euskaltelekin iragan abuztutik, eta sei urte eman ditu profesionaletan, lehen biak Jumbo-Vismako garapen taldearekin eta 2022tik Metecekin.
2025ean, brontzea lortu du Herbehereetako erlojupeko txapelketan, Daan Hoole eta Dylan van Baarleren atzetik; 10. postuan sailkatu da Belgikako Tourrean, eta 7.ean, Danimarkakoan.