Lointek Gernikak PAS Gianina talde greziarra jipoitu du haren kantxan (57-90)
Lointek Gernika Bizkaiak PAS Giannina talde greziarraren kantxa bisitatu du gaur arratsaldean, Eurokopako atariko joaneko partidan, eta kanporaketa ia erabakita utzi du, datorren astean Malosten hondamendia gertatu ezean.
Lucas Fernandezen jokalariek azkar bideratu dute partida, lehen laurdenean erritmo bizia ezarriz eta kanpoko jaurtiketa aprobetxatuz, biko jaurtiketetan 7tik 4 asmatuta eta 12 saiakeretatik 6 hiruko saskiratuta. Horrela, lehen laurdenean egin dute alde markagailuan (12-26).
Bigarren laurdena bide beretik joan da, 17-28ko partzialarekin. Gernikako taldea 29-54 irabazten joan da atsedenaldira. lehen zatian 24 errebote bilduta eta Salvadoresek 11 puntu eskuratuta.
Atsedenaldiaren ostean, ez da norgehiagokaren dinamika aldatu, eta Bizkaiko taldeak 10-21eko partziala sartu dio Greziakoari, hirugarren laurdena 41-75 amaitzeko. Azken laurdenean, Lointekek bere garaipen garbia berretsi besterik ez du egin. Norgehiagoka 57-90 emaitzarekin amaitu da.
Bizkaiko taldeak egindako partidak meritu handia du; izan ere, lehen taldeko zortzi jokalari eta harrobiko jokalari bat, Ane Iturrioz, eraman ditu Greziara, Cameron Williams eta Taylor Jones estatubatuarrak min hartuta baitaude. Williamsek ezkerreko oineko Akilesen tendoia hautsi zuen joan den astean lagunarteko partida batean, eta ebakuntza egin beharko diote. Jonesek, berriz, bi aste daramatza taldekideekin entrenatu gabe, bizkarrean mina duelako.
Naia Zubiaga eskolta ere ez da Greziara joan, arazo fisikoak baitiu, ezta Sarah Polleros hegaleko pibot alemana ere, 23 urtez azpiko 3x3 modalitateko munduko txapelketa jokatzen ari baita.
Itzulerako partida Malosten jokatuko da, asteazkenean, irailak 24, 20:30ean. Irabazlea Eurokopako C multzoan izango da, Hungariako NKA Universitas Pecs, Israelgo Elitzur Ramla eta Portugalgo Sportiva Azoris Hotels taldeekin batera.
Zure interesekoa izan daiteke
Inversus, Gernika KESBren babesle nagusia denboraldi baterako
Inversus Gernika Bizkaia izango da aurrerantzean talde bizkaitarraren izen ofiziala, Gerardo Candina presidenteak eta Jose Joaquin Vicente Inversus Groupen zuzendari nagusiak sinatutako akordioan jaso denez.
Irune Orio hegalekoa Gernika KESBera itzuli da NCAAn egin duen etaparen ostean
22 urteko eta 1,88 metroko altuera duen jokalaria etxera itzuliko da lau denboraldiz munduko liga gogorrenetako batean aritu ondoren.
Samantha Galanopoulos joko-antolatzaile greziarra Gernika KESB taldera batu da
Grezian Esperides Kallitheas eta Panathinaikos taldeetan lehiatu ondoren, Galanopoulos Malostera iritsiko da Emakumezkoen Endesa Ligan etapa berri bati aurre egiteko.
Gernika KESBk Elena Bosgana hegaleko greziarra fitxatu du, 2026-2027 denboraldirako
Bosgana, 22 urtekoa eta 1,90ekoa bera, Leganesetik iritsi da euskal taldera. Greziako selekzioarekin internazionala izan da, eta Gernika KESBk espero du “fisikoa, moldakortasuna eta hainbat posiziotatik eragiteko gaitasuna” emateari taldeari.
Naia Zubiagak ez du Gernika KESBen jarraituko datorren denboraldian
Harrobiko jokalariak 2024-2025 denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin, eta bigarren denboraldian ere etxean jokatu ostean, harremana etengo du klubarekin.
Gernika KESB taldeak Seehia Ridard hegal-pibot frantziarra fitxatu du
Poloniako AZS UMCS Lublin taldetik iritsiko da. Gernikak azpimarratu duenez, "uztaitik gertu jokatzeko, kantxan korrika egiteko eta barruko posizioetatik espazioak irekitzeko gaitasuna" du jokalari frantziarrak.
Esther Matarranzek Gernika KESB taldearekin berritu du
Barruko jokalari madrildarrak beste urtebetez defendatuko du elastiko granatea.
Aaronette Vonleh pibotak kontratua berritu du Gernika KESB taldearekin
Urtarrilean iritsi zen klubera, eta jokatu dituen 14 partidetan batez beste 7,6 puntu eta 3,6 errebote lortu ditu 18 minututan.
Estel Puiggros joko-antolatzaile kataluniarra, Gernika KESBren lehen fitxaketa
Puiggros Unicaja Mijas taldetik iritsiko da. Talde bizkaitarrak baieztatu duen hirugarren jokalaria da, Ane Olaeta joko-antolatzailearen eta Angela Salvadores eskoltaren ondoren.