Surne Bilbaok lidergoa berreskuratu du Alba Berlin irabazita (83-75)
Surne Bilbaok lan eta izaera handiko partida jokatu du Alba Berlinen aurka, non Somogyi, Hilliard eta Vautierren papera azpimarragarria izan den.
Surne Bilbao Basketek garaipena lortu du Alba Berlinen aurka (83-75) Miribillan, Txapeldunen Ligako (BCL) multzo fasean, taldeko lidergoa berreskuratuz. Beltzezko gizonek joaneko partidatik zuten zeregina bete dute, eta Jaume Ponsarnauren taldeak argi utzi du baloi bakoitza bere aldetik lehiatuko zela.
Albaren hasiera indartsuak etxekoak partidan sartzea eragin du, eta berehala heldu da erantzuna. Somogyik bidea ireki du 2+1 batekin eta Krampeljek energia eman dio Surne Bilbaori markagailuan agintzen hasteko. Defentsa izan da taldearen arma Nagusia. Berlingo taldearen erasoa ezegonkortzea lortu dute eta sei puntuko abantailarekin iritsi dira bizkaitarrak atsedenaldira (45-39).
Bigarren zatian, partidak beltzezkoen alde jarraitu du. Vautierren nagusitasunari eta talde lanari esker, Surnek hamaika puntuko aldea lortu du (64-53), eta bazirudien partida bideratuta utzi duela. Baina Albak erreakzionatu, eta 1-10eko partzialak partidara itzuli ditu alemaniarrak. Etxekoen erasoko akatsen eta bisitarien asmatzeen artean, markagailua 72-75 jarri da hirugarren laurdena amaitzeko 2 minutu eta 22 segundo falta zirenean. Joaneko partidatik zeukaten 11 puntuko aldea iraultzearen helburua korapilatzen hasi zaie Bilbokoei.
Neurketako unerik zailenean, Somogyi eta Hilliard agertu dira, eta ondoz-ondoko bi hirukorekin, etxeko taldearen agintea berreskuratu dute. Estatubatuarrak 17 punturekin sinatu du etxeko saskiratzaile onenaren papera. Alba erantzunik gabe geratu da beltzezko gizonen azken bultzadaren aurrean, eta 83-75eko emaitzarekin itxi dute norgehiagoka. Landutako garaipena, une batez emaitza iraulita eta lidergoa berreskuratuta, helburua beteta amaitu du Surne Bilbaok.