Txapeldunen Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Surne Bilbaok garaipen sendoa lortu du Europako estreinakoan, Bosnian (79-92)

Vautierrek (19 puntu eta 8 errebote) Jaume Ponsarnauren taldearen garaipena gidatu du. Jokatzeko prest zeuden hamaika jokalariak ekiteko lan egiteko prest kantxaratu dira, lehendabizi abantaila hartzeko eta ondoren, une garrantzitsuenean, Igokea gelditzeko.

Igokea-Surne-Bilbao-Champions-League

Norgehiagokaren une bat, Laktasiko kantxan, Bosnian. Irudia: EITB

Surne Bilbaok garaipen sendoa lortu du Igokea talde bosniarraren kantxan (79-92), Txapeldunen Ligako lehen jardunaldian. Bilboko taldeak bajak izan ditu, Tryggvi Hlinason pibota eta Darrun Hilliard hegalekoa min hartuta daudelako.

Bastien Vautier frantziarrak (19 puntu eta 8 errebote) gidatu du Jaume Ponsarnauren taldearen garaipena. Jokatzeko prest zeuden hamaika jokalariak, A Coruñan iragan igandean jokatutako luzapena eta 48 ordu eskasera, lan egiteko prest kantxaratu dira, lehendabizi abantaila hartzeko eta ondoren, une erabakigarrian, Igokea geldiarazteko.

Hlinason Bilbon geratu zen, igandean buruan hartu zuen kolpearen ondorioz, eta Hilliardek orkatilan min hartu zuen Coliseumean, baina bidaiatu eta aulkian eseri da gaur. Talde bizkaitarrak azkar gelditu du etxekoen partida hasiera ona eta laster hartu du aldea markagailuan (6-13, 4. min).

Ponsarnauk errotazioa ahalik eta gehien luzatu du, hamaika jokalariak lehen laurdenean erabiliz. Horrela, kanpoko jaurtiketetan zein pinturan Vautierren eta Hustak debutarien ekarpen ona lortu du entrenatzaile kataluniarrak.

Bosniarren aldetik, Lazar Stefanovic eskolta serbiarrak eutsi egin dio Igokeari. Bilbotarrek, eraginkor, asmatu egin dute hiruko lehen sei jaurtiketetan, eta Vautier ia geldiezina izan da uztai azpian. Atsedenaldian (35-50) mantendu den 15 puntuko errenta maximoa lortu dute bizkaitarek (26-41, 15. min).

Surnek abantaila 18 punturaino areagotu du (35-53) hirugarren laurdena hasi eta berehala. Igokeak, aldiz, intentsitate fisikoa handitu du, eta hamar puntuko desabantailatik jaitsi da lehen aldiz (64-72), 8-0eko partzialarekin azken laurdeneko lehen minutuan.

Ponsarnauk partida gelditu du, eta Vautierrek eta Somogyik talde bizkaitarrari azken bultzada eman diote. Somoyi ez da jaurtiketa fin ibili, baina funtsezkoa izan da bederatzi asistentzia banatuta. Gainera, bere hiruko batek eta Normantasek, minutu baten faltan, sartutako beste batek etxekoen matxinada zapuztu eta bilbotarren garaipen landua ziurtatu dute.

Jaume Ponsarnau

❝

Une zaila bizi izan dugu, baina taldeak aurrerapausoa eman eta erantzun oso ona eskaini du

Jaume Ponsarnau Surne Bilbao taldeko entrenatzaileak, garaipenaren lortu ostean, bere jokalariek emandako "erantzun oso ona" azpimarratu du, Bosniako taldeak azken laurdenean izandako susperraldiari eusteko orduan.

"Une zaila bizi izan dugu, Igokeak defentsa ona egin duelako eta jaurtiketan asmatu duelako, baina taldeak aurrerapausoa eman eta erantzun oso ona eskaini du", adierazi du entrenatzaile kataluniarrak.

Ponsarnauk bere jokalarien "heldutasuna" ere nabarmendu du neurketaren hasieran, "baloia ondo mugitzeko" eta garaipena lotzeko beharrezkoa den "konfiantza" aurkitzeko, Igokeak aldea 18 puntutik 8ra murriztu duenean, azken laudenaren hasieran.

Publizitatea
X
Publizitatea
X