Surne Bilbaok, Hlinason gabe, debuta egingo du Txapeldunen Ligan Igokea talde bosniarraren kantxan
Ponsarnauren hitzetan, Nenad Stefanovicek "oso ondo entrenatutako" aurkaria da Igokea. "Badaki zertara jokatu nahi duen, eta ekarpena egin dezaketen jokalari asko ditu", ohartarazi du entrenatzaile kataluniarrak.
Surne Bilbaok, FIBA Europa Kopako azken bi edizioak irabazi ondoren, denboraldi honetan Txapeldunen Ligan egingo du debuta, astearte honetan Igokea talde bosniarrari bisita eginez Laktasiko kantxan (20:00etan), multzoen faseko lehen jardunaldian. Kirolakeitb.eus atariak partida zuzenean, streaming bidez, eskainiko du 19:55etik aurrera
Bere palmaresa elitean garaikur horrekin estreinatu ondoren, Bilboko taldeak maila igotzea erabaki du. Horrela, Surnek Nenad Stefanovicek entrenatutako Balkanetako taldeaz gain, Nymburkekin bat egin berri duen Slavia Praga eta Alba Berlin izango ditu aurkari Txapeldunen Ligakolehen fasean.
Denboraldi honetan neurketa ofizial bakarra jokatu du Igokeak. Adriatikoko Ligari zegokion norgehiagoka horretan garaipena lortu zuen Slovan Bratislavaren aurka (97-89). Roman Penn joko-antolatzaile estatubatuarrak 18 puntu sartu eta 9 asistentzia banatu zituen.
Bosniako taldea fisikoki indartsua da. Jokalari aipagarrienak Nikola Manojlovic (2,01 metro) eskolta garaia, eta Dorde Topolovic (2,08) dira. Azken horrek 16 puntu eta 7 errebote lortu zituen Slovanen kontra.
Ponsarnauren hitzetan, Nenad Stefanovicek "oso ondo entrenatutako" aurkaria da Igokea. "Badaki zertara jokatu nahi duen, eta ekarpena egin dezaketen jokalari asko ditu", ohartarazi duenez.
Hlinasonen baja
Beltzezko gizonek Leyma Coruñako kantxan luzapenean galdu eta 48 ordu eskasera ekingo diote Txapeldunen Ligako estreinakoari. Partida horretatik Jaume Ponsarnauren mutilak hainbat arazo fisikorekin atera ziren.
Larriena Tryggvi Hlinasonena izan zen, Dino Radoncicekin tupust egin ondoren buruan puntuak eman behar izan zizkioten, eta partidako azken minutuak galdu zituen. Horrela, Islandiako pibota baja izango da Surne Bilbaoren Europako debutean.
Talde galiziarraren aurkako partidaren ondoren, Hlinason Bilbora joan zen, "traumatismo mota horietan ohikoa den bezala beharrezko azterketa medikoak egiteko", eta, azkenean, ez du talde bilbotarrak Bosniara egindako bidaia luzean parte hartu.
Talde bizkaitarrak Malagan igaro zuen gaua. Igande arratsaldean iritsi zen bertara, A Coruñatik. Astelehen honetan, Malagako hiriburutik Zagrebera hegan egin du, eta handik hiru ordu inguruko bidaia egin du autobusez, Banja Lukara. Han du kontzentrazio-hotela, Laktasitik 20 minutu ingurura.
Jaume Ponsarnau
Ez zen Hlinasonekin arriskuak hartzeko unea
"Tryggvik buruan jaso zuen kolpeak arretapean egotea komenigarri egin du, eta ez zen arriskuak hartzeko unea, eta, gainera, ez dira fisikoak bakarrik, gauza gehiago baizik. Uste dugu ez dela larria izango eta laster berreskuratu ahal izango dugula jokalaria, baina ez partida honetarako", azaldu du Ponsarnauk.