ALBA BERLIN - SURNE BILBAO
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Surne Bilbaok ezin izan du markagailua irauli eta ihes egin dio garaipenak Berlinen (103-100)

Beltzezko gizonak garaipenetik gertu egon dira azken laurdenean bederatzi puntuko aldea iraulita, baina azkenean galdu egin dute Albaren aurka.
Justin Bean (Alba Berlin) eta Bastien Vautier (Surne Bilbao) Txapeldunen Ligako partidan. Argazkia: Surne Bilbao Basket

Surne Bilbao Basketek galdu egin du Alba Berlinen aurka (103-100) Berlinen jokatutako Basketball Champions Leagueko hirugarren jardunaldian. Bilboko taldeak, 13 puntuko aldea izan duen arren, ezin izan du norgehiagoka irabazi eta multzoko lidergoa galdu du alemaniarraren aurka.

Jaume Ponsarnauren mutilak lehen unetik lehiatu dira eta markagailuan aldea zabaltzea lortu dute erasoan erakutsitako abileziari esker. Atsedenaldira 43-48ko emaitzarekin iritsi ostean, Bilbao Basketek 48-61era igo du aldea hirugarren laurdeneko aurreneko minutuetan. Albaren erantzunak, ordea, partidaren norabidea aldatu du eta etxekoek aurrea hartu dute.

Markagailua kontra zuela, garaipenaren borrokan sartzen saiatu da talde bilbotarra. Hilliard izan da markagailua iraultzeko ahaleginaren buru eta amaierarako minutu bat eta 12 segundo falta zirenean bi hiruko sartu ditu, jarraian, markagailua berdintzea lortuz. Hala ere, ez da nahikoa izan partida iraultzeko. Albak hobeto kudeatu ditu azken jabetzak, eta abantailari eutsi dio azken unera arte.

Hilliard izan da beltzezko gizonen artean jokalari nabarmenena 21 puntu eta bederatzi errebote lortuta. Bestalde, Surnek jaurtiketa libreen marratik egindako akatsak garesti ordaindu ditu (25 saiakeretatik 16 sartu ditu) eta porrotak lehen postutik aldendu du, Alba Berlini lidergoa emanez.

Publizitatea
X
Publizitatea
X