Surne Bilbaok bere eskarmentua probestu du Europan bigarren garaipena lortzeko (97-86)
Krampelj eta Hlinason eskarmentu handiko jokalarien energia eta Normantas eta Petraseken babesan une garrantzitsuenetan nahikoa izan dira Slavia borrokalaria gainditzeko.
Surne Bilbaok bere bigarren garaipena lortu du Txapeldunen Ligan, Slavia Praga 97-86 mendean hartu baitu. Etxekoek euren eskarmentua baliatu dute garaipena lortzeko. Beltzezkoak Alba Berlinekin berdinduta daude multzoaren buruan.
Krampeljen (19 puntu) eta Hlinasonen (17 puntu eta 6 errebote) energia, eta Normantasek (14) eta Petrasekek (12) une garrantzitsuenetan emandako laguntza, nahikoa izan dira Slaviari gailentzeko. Bisitarien jokalaririk onena Jaromir Bohacik (17 puntu eta 4 errebote) izan da.
Lehen laurdena
Bastien Vautier partidatik at utzita, Surne ezin hobeto kantxaratu da markagailuan lehen abantaila garrantzitsua hartzeko (16-6, 5. min). Darlingek kanpotik asmatu du, eta Hustak pibot gazteak lan ona egin du.
Etxekoek aullia etengabe mugituta ezarri dute euren erritmoa, Ponsarnauk aurreratu zuen bezala. Ponsarnauk minutuak eman dizkie hamabi jokalariei lehen laurdenean. Slavia, bere aldetik, bizkaitar taldeari eutsi dio Rylich eta McCollumi esker.
Bigarren laurdena
Bigarren laurdenean, norgehiagokak erritmoa galdu du, eta bi taldeak ez dira ondo aritu. Surnek ez du asmatu taulapeko bere nagusitasun fisikoa aprobetxatzen, eta ez du abantaila handitu. Ondorioz, markagailua bi eta zazpi puntu arteko tartean mugitu da atsedenaldira iritsi arte, 42-35eko emaitzarekin, Fontek hiruko bat sartu ondoren.
Hirugarren laurdena
Beltzezkoak aldageletatik hotz atera dira, eta txekiar taldeak ondo-ondo aprobetxatu du puntu bakarrera jartzeko (48-47, 24. min). Abisuak Ponsarnauren taldea aktibatu du, Krampeljen eskutik martxa bizitu dute, eta bien arteko aldea areagotzeko gauza izan dira (58-49).
Azken laurdena
Petrasek, azken laurdenaren erdian, Slaviaren (73-67, 35. min) beste susperraldi bat makaldu du, amaiera bideratu duten bost puntu jarraian sartuta. Hala ere, Pragako taldeak lau puntura hurbiltzeko aukerak izan ditu minutu baten faltan, baina ezin izan ditu aprobetxatu.
Krampeljek saskiraketa egin du 50 segundoren faltan, eta beltzezkoen garaipena ziurtatu du.