Valentzia Basketek laugarrenez irabazi du Emakumezkoen Endesa Liga
Valentziako taldeak 68-67 garaitu du Casademont Zaragoza, eta laugarren titulua jarraian eskuratu du horrela.
Valentziak Emakumezkoen Endesa Liga irabazi du igande honetan, laugarren urtez jarraian, Roig Arenan Casademont Zaragoza 68-67 menderatuta. Yvonne Anderson eskolta estatubatuarrak azken segundoan lortutako saskiratzeak erabaki du partida.
Ruben Burgosek zuzentzen duen taldeak asko sufritu du partida iraultzeko. Mariona Ortizek abantaila eman dio Zaragozari lehen minutuetan (18-22), eta 3 puntu aurretik zituela joan da atsedenaldira (33-36).
Aldageletatik bueltan, Zaragozak errenta handitzen jarraitu du, eta 10 puntura heldu da hirugarren laurdenean. Awa Fam pibotaren eskutik, baina, etxekoak hurbiltzen joan dira, eta 2 puntu azpitik heldu dira azken laurdenera (51-53).
Helena Omaren saskiratze batek (66-67) etxekoen esku utzi du presioa, eta Andersonek azken segundoan egindako jaurtiketa batekin lortu dute garaipena, laugarren titulua jarraian lortzeko.