Emakumezkoen Endesa Liga
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Araskik maila gorenean jarraituko du, Estepona garaituta (74-77)

Hil ala biziko partida jokatu du Gasteizko taldeak azken jardunaldian, eta garaipenarekin hurrengo denboraldian maila gorenean jarraitzea ziurtatu dute.
Araski
Araskiko jokalariak ospakizunean. Argazkia: EITB

Kutxabank Araskik saskibaloiko maila gorenean jarraituko du datorren denboraldian ere, Emakumezkoen Endesa Ligako azken jardunaldian Estepona 74-77 garaitu ondoren larunbat honetan. Hil hala biziko partida izan du Gasteizko taldeak, eta dena eman du elitean jarraitzeko.

Hasiera ona izan du Gasteizko taldeak, bi hirukorekin. Aurretik abiatu diren arren, 10-0ko aurkako partzialak buelta eman dio markagailuari (14-12). Hortik aurrera, jokoa berdindu egin da eta batak ez besteak ez du lortu aginte argia eskuratzea. Araskik aurretik bukatu du lehen laurdena (17-19).

Bigarren laurdenak ildo beretik jarraitu du. Saskiratzeak trukatu dituzte eta 0-4ko partzial bat eta horri jarraitun dion hiruko bat izan da euskal taldearen unerik onena. Hala, Made Urietaren taldea aurretik joan da atsedenaldia, puntu bakarragatik (38-39).

Ondo hasi du Araskik hirugarren laurdena ere, baina aurkako 8-0eko beste partzial batek Esteponak aurrea hartzea eta tarte txiki bat zabaltzea eragin du. Berdinketa lortzeko gai izan badira ere, etxekoek berriz egin dute ihes (64-60).

0-9ko aldeko partzialarekin hasi du Araskik azken laurdena, markagailuan aurretik jarriz. Baina aurkariak gertutik jarraitu dio, eta azken minutuak oso biziak izan dira. Ondo eutsi diote, eta 74-77ko markagailuarekin maila gorenean jarraitzea ziurtatu dute.

Lointek Gernika eta IDK Euskotren

Lointek Gernikak garaipenarekin eman dio amaiera denboraldiari, Perfumerias Avenida 86-75 menderatuta. Hasieratik agindu du Gernika-Lumon jokatutako partida, eta garaipenarekin agurtu ahal izan ditu zaleak.

IDK Euskotrenek, aldiz, ezin izan du gauza bera egin eta porrot argia sufritu du Gironaren aurka (58-84). Lehen laurdeneko 10 puntuko aldea gehiegi izan da gipuzkoarrentzat, eta ez dira buelta emateko gai izan.

Hala ere, bi euskal taldeetako batek ere ez zuen ezer jokoan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X