Gol zaparrada eta berdinketa Zubietan (2-2)
Asturiasko taldeak aurrea hartu du markagailuan, txuri-urdinek buelta eman diote, baina, minutu bat geroago, Sportingek berdinketa jarri du berriro.
Sanse eta Sportingen arteko partidako jokaldia. Argazkia: @RSZubieta
Sansek eta Sporting Gijonek berdindu egin dute Zubietan larunbat honetan, euripean, bigarren zati zirraragarria jokatuta (2-2).
4. minutuan, Luken Beitiak ondo estali du hegaleko erdiraketa bat. Atzelariak berak baloia urrundu nahi izan du, baina irrist egin du, eta Matabuena aurreratu denean, lurrera bota du Sportingeko jokalaria.
Hasiera batean, epaileak ez du ezer adierazi, baina gero erabakia zuzendu du, VARetik ohartarazi eta monitorean jokaldia berrikusi ostean.
Hamaika metroko puntutik jaurtitzeko arduraduna Alex Corredera izan da, eta eskuinera jaurtiz egin du gola, Lander Olasagastik baloia ukitu arren (0-1).
35. minutuan, Soroetak baloia jaso du area aurrealdean, eta eskuinkada batekin saiatu da, nahiz eta area kanpotik egindako errematea oso gora joan den.
Bigarren zatian, Lebarbierrek bikain errematatu du ezkerrera, eta Ruben Yañezek ezin izan du gelditu. Horrela, berdinketa jarri du markagailuan (1-1).
Sansek bigarrena sartu du Dani Diazek 56. minutuan, bere zelaian baloia hartu eta jokaldi pertsonala egin ostean, baloia sare barrura bidalita. Kantabriar muturrak bere areatik oso gertu jaso du baloia, abiadura handian eraman du aurrera bidera atera zaizkion aurkariak gaindituta, eta bigarren zutoinera jaurtiz, Yañez gainditu eta markagailua irauli du (2-1).
Hala ere, Sportingek markagailua parekatu du Duñabeitiaren golari esker (2-2). Andres Cuencak ezkerreko hegaletik zintzilikatutako baloi bat buruz errematatuta egin du gola.
69. minutuan, epaileak gol bat baliogabetu dio talde txuri-urdinari. Etxekoen aldeko korner batean, bigarren zutoinera egindako bidalketa Lebarbierrek buruz errematatu du, eta horren burukada Yañezen ate barrura sartu da, baina epaileak jokaldia baliogabetu du, txuri-urdinak aurkari bati falta egin diola adierazi baitu.
Partida amaitzeko 10 minutu falta zirenean, Adjabeng sartu berriak bat-bikoa egin du Gorosabelekin, arearen aurrealdean kokatzeko, atezainari begira, eta jaurtitzeko unean Correderak bultza egin dio Ghanako futbolariari, jaurtiketa oztopatzeko. Epaileak falta adierazi du eta bigarren txartel horia erakutsi dio bisitarien erdilariari; ondorioz, txartel gorria ikusi ostean, zelaitik atera behar izan du.
83. minutuan, Gorka Carrerak eskuinarekin jaurtiketa bat egin du area kanpotik, ezkerreko zutoinaren bila, baina kanpora joan zaio.
Luzapenean, bigarren zutoinera egindako erdiraketa bakarrik jaso du Carrerak. Hala ere, Errenteriako aurrelariak ezin izan du baloia ondo errematatu eta baloia Yañezen eskuetara iritsi da.