Realak Fenerbahçe gainditu du Istanbulen, eta final-laurdenetan da (0-2)
Donostiarrek joko serio eta fidagarria egin dute lehen zatian garaipena bideratzeko. Aldageletatik bueltan gehiago sufritu dute, baina atea hutsean mantentzen jakin dute.
Irudia: Reala
Realak 0-2 irabazi dio Fenerbahçeri Istanbulen jokatu den Europa Kopako final-zortzirenetako itzulerako partida. Horrela, talde txuri-urdina 4-0eko emaitzarekin gailendu da kanporaketan, eta final-laurdenetarako txartela lortu du. Donostiarrek joko serio eta fidagarria egin dute lehen zatian garaipena bideratzeko. Aldageletatik bueltan gehiago sufritu dute, baina atea hutsean mantentzen jakin dute.
Lehen zatian bideratutako garaipena
Norgehiagoka ezin hobeto hasi da Gorka Alvarezen jokalarientzat, lehen minutuan aurrea hartu baitute markagailuan Fenerbahçek bere atean sartutako golari esker. Cecilia Marcosek erdiratu du eta atzelari batek baloia bere atean sartu du jokaldia eteteko ahaleginean.
Istanbulgo Chobani Stadyumu futbol-zelaian jendetza bildu da, eta Turkiako zale zalapartatsuak euren taldea etengabe bultzatu du, baina Reala ondo jarrita egon da berdegunean une oro, Fenerbahçeren eraso guztiak bertan behera utziz.
Turkiarrek lehen zatian izan duten aukerarik onena urrutiko jaurtiketa bat izan da, Julia Arrula estutasunean jarri duena. 18. minutuan, atezain nafarrak eskuadrara zihoan jaurtiketa pozoitua kornerrera aldendu du.
20. minutuan, turkiarrak berriro arriskuarekin hurbildu egin dira Arrularen atera Eceren jokaldi bikain batekin, baina Fenerbahçeko jokalariak ez du jaurtiketan asmatu eta lekutara joan zaio. Ordu erdia pasata, Realak erantzun bikaina eman dio turkiarren susperraldiari. Sonya Keeferen burukada bikaina Munteanu atezainak kornerrera urrundu behar izan du.
Korner jaurtiketa horretan, aurrelari txiletarra berriro goitik gailendu zaie talde turkiarraren atzelariei, eta Munteanu gainditu du bigarren gol txuri-urdina egiteko. Keeferen lehen gola izan da Realaren elastikorekin.
Estutasun handiagoak, atsedenaldiaren ondotik
Atsedenaldiaren ostean, Arrulak bere atetik atera behar izan du erdiraketa bat urruntzeko, baina gaizki egin du, eta bere atzelariek arriskua urrundu behar izan dute. Ondorengo kontraerasoan Gorka Alvarezen jokalariak hirugarrena egiteko zorian izan dira, baina Munetanuk geldiketa bikaina egin du.
61. minutuan, atezain tafallarrak pase kaskarra eman du, eta Abideenen oinetan amaitu du baloia. Haren jaurtiketak zutoinean jo du. Nafarrak barkamena eskatu die taldekideei baloia gaizki atera dutelako. 69. minutuan, Realak berriro sartu du baloia turkiarren atean, baina epaileak jokaldia baliorik gabe utzi du jokoz kanpoagatik.
Norgehiagokaren azken minutuetan, talde turkiarrak erasoan jarraitu du, aldea murrizteko asmoz, baina ez du asmatu. Realak final-laurdenetan PSV Eindhoven edo Eintracht Frankfurt izango du aurkari, eta joaneko neurketa otsailaren 3an edo 4an izango da.