EUSKAL DERBIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Reala, derbiko penaltiaz: “Gertatutakoak agerian uzten du beharrezkoa dela VOR aretoko ikus-entzunezko egiaztapen-prozedurak berrikustea eta indartzea”

Donostiako klubak, asteazken arratsaldean, komunikatu ofiziala argitaratu du, euskal derbiko epaileen jardunari buruzko hausnarketa batzuk adieraztea helburu.

Realeko jokalariak, derbian

Realeko jokalari batzuk, eta Rino Matarazzo entrenatzailea, San Mamesen. Argazkia: EFE.

Realak, asteazken arratsaldean, komunikatu ofiziala argitaratu du, igandean klub txuri-urdinak San Mamesen Athleticen aurka jokatu zuen euskal derbiko epaileen jardunari buruzko hausnarketa batzuk adieraztea helburu. Hala, Gipuzkoako klubak, Alejandro Hernandez epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi zuen jokaldia hizpide, honako hau nabarmendu du: “Gertatutakoak agerian uzten du beharrezkoa dela VOR aretoko ikus-entzunezko egiaztapen-prozedurak berrikustea eta indartzea”.

Testuinguru horretan, “joan den astelehenean, azaroaren 2an, Arbitroen Batzorde Teknikoak argitaratu zuen komunikatuaren arabera, Connected Ball sisteman eragin tekniko bat dago, igandean jokatutako partidaren esparruan”. Horren harira, Realak “egokitzat” jo du gogoeta batzuk egitea.

“Gure ustez, penaltia eragin zuen ekintzan hiru gertakari desberdin egon ziren: lehenik eta behin, zelai-arbitroaren hautemate-akatsa: penaltia adierazi zuen, Realeko jokalariak baloia ukitu zuela ohartarazi gabe, Athleticeko aurrelariarekin kontaktua izan aurretik; bigarrenik, akats bat VOR aretoaren berrikuspen-prozeduran. Bertan ez zen identifikatu, eskuragarri zeuden irudiak aztertuta, Realeko jokalariak baloiarekin aldez aurretik izan zuen kontaktua eta zelaiko arbitroaren hasierako erabakiari eutsi zitzaion, ikus-entzunezko baliabide guztiak izan arren. Horrek argi eta garbi erakusten du akats bat izan dela eskuragarri dauden irudiak berrikusteko prozeduran, irudiek erakusten baitute Realeko jokalariak baloia ukitu zuela Athleticeko aurrelariarekin kontaktua izan aurretik. Beraz, frogatuta geratu da ez zirela aztertu beren esku zeuden irudi guztiak”.

“Hirugarrenik”, jarraitzen du Realak, “akats bat Connected Ball sisteman. Batzordeak aitortzen duen bezala, baloiaren seinalearen eta VARak erabilitako irudien arteko fotograma baten eta biren arteko sinkronizazio-desfase bat zegoen, eta, horren ondorioz, sistemak emandako informazioa ez zetorren bat jokalekuan gertatutakoarekin. Horrek argi eta garbi baldintzatu zuen epaile-taldeak jokaldia interpretatu izana, eta Batzordeak berak onartu zuen akatsa gertatu zela”.

Realaren esanetan, “hiru gertakari horiek agerian uzten dute gertatutakoa ezin dela mugatu epaile-erabaki zehatz batera, ezta eragin tekniko isolatu batera ere. Egoera horrek eragina du epaile-taldearen esku dauden irudien ikusizko berrikuspen-prozeduran, bai eta tresna teknologiko baten fidagarritasunean eta/edo kalibrazioan ere, tresna hori erabiltzeak ahalik eta zehaztasun eta objektibotasun handiena eskaini behar baitu”.

“Ildo horretan”, segitzen du klub txuri-urdinak, “ezinbestekotzat jotzen dugu funtsezkoak diren galderei ematen zaien erantzuna hobetzea: zein izan zen VOR aretoan ikus-entzunezko baliabideak egiaztatzeko prozedura jokaldiaren berrikuspenean?; nola kalibratzen da Connected Ball sistema, eta nor arduratzen da kalibrazio hori egiteaz eta behar bezala funtzionatzen duela bermatzeaz?; zer gainbegiratze-mekanismo daude sinkronizazio-desfaseak detektatzeko, sistemaren informazioa arbitraje-erabaki bat hartzeko erabili aurretik?”.

Realak komunikatuan adierazi duenez, “gertatutakoak agerian uzten du beharrezkoa dela VOR aretoko ikus-entzunezko egiaztapen-prozedurak berrikustea eta indartzea, eta Connected Ball sistema kalibratzea eta gainbegiratzea. Ez da nahikoa sinkronizazio-desfase bat dagoela onartzea: ezinbestekoa da jakitea zergatik gertatu zen, zer mekanismok detektatu behar zuten, eta zergatik ez zen saihestu informazio horrek arbitraje-erabaki bat baldintzatzea, jokaldiaren berrikuspenean VOR aretoan eskuragarri zeuden ikus-entzunezko baliabideak erabiliz. Realaren ustez, gertakari horiek prozesuak eta jarduera-protokoloak berrikusteko eta hobetzeko balio behar dute”, amaitu du Realak argitaratutako testuak. 

Athleticen komunikatua

Realak komunikatua argitaratu eta gero, handik gutxira, Athleticek beste komunikatu bat zabaldu du; horretan, Bilboko klubak nabarmendu du “epaileak zaintzea futbola zaintzea” dela. 

Publizitatea
X
Publizitatea
X