Athleticek indarra hartu du San Mamesen Realaren aurkako derbia irabazteko (2-1)
Athletic 2-1 nagusitu da Realaren aurka igande honetan San Mamesen jokatu den euskal derbian, EA Sports Ligako 11. jardunaldian. Iñaki Williamsek aurretik jarri ditu zurigorriak eta, Sucicek berdinketa lortu duen arren, Berenguerrek garaipenaren gola lortu du, penaltiz, hiru puntuak etxean geratzeko.
Athleticek futbolaren alde ona eta txarra ikusi ditu partida hasi eta berehala. Ausart atera dira zelaira etxekoak eta bigarren minuturako gol aukera argia izan dute. Hugo Rinconek erdiraketa ona jarri du eskuinetik, baina, atea hutsik zuela, Berenguerri hankartetik joan zaio baloia, aukera ezin hobea galduz.
Hori nahikoa ez balitz, Maroanek eta Sarrek talka egin dute jokaldi horretan eta Athleticeko aurrelariak min hartu du. Jarraitzen saiatu da, baina ezin izan dio minari eutsi eta hortxe bukatu da bere partida. Robert Navarrok hartu du bere tokia.
Realari kosta egin zaio baloia bere zelaitik ateratzea, eta paper defentsiboagoa hartu du, Athletici utziz erasoaren ardura. Hala, 14. minutuan zurigorriek markagailua ireki dute, anaien arteko konexioari esker: Nicok erdiraketa luzea jarri dio Iñakiri, hura korrika joan eta, Remirori buru gainetik jaurtiz, gola sartzeko.
Talde txuri-urdina golari erantzuten saiatu da, baloiaren jabetza izanez eta hutsuneak bilatuz, baina aurkariek denek batera defendatu dute eta ezinezkoa izan zaie arriskua sortzea.
Aldiz, Athletic izan da berriz gol aukera argi bat izan duena. Beste erdiraketa batetik iritsi da, Berenguer bakar-bakarrik aurkituz, baina oraingoan ere jokalari nafarra ez da fin ibili punteriarekin.
Ordu erdira, Realak Unai Simonen atera egindako lehen hurbilketan lortu du berdinketa. Sucicec aldaratze bat jaso du area kanpoan eta ezkerkada batekin animatu da. Jaurtiketa bikain atera zaio zutoinera itsatsita, geldiezina atezainarentzat.
Golak bizia eman dio Realari, eta hori jokoan nabaritu da. Barrenetxeak bere taldea aurretik jartzeko aukera paregabea izan du kontraeraso azkar baten ondoren, baina Unai Simonek bikain estali dio jaurtiketa. Athleticeko atezaina beste bi aldiz ere agertu behar izan da Sucicen eta Oyarzabalen jaurtiketak gelditzeko, Realak izan dituen minuturik onenetan.
Lehen zatiko azken minutuetan gidoia aldatu da, eta talde gipuzkoarrak hartu du protagonismoa eta erasoaren ardura. Oraingoan, ordea, alderantziz gertatu da, gola Athleticek sartu baitu. Aramburuk lurrera bota du Nico area barruan eta epaileak penaltia adierazi du. Berenguerrek jaurti du hamaika metroetatik eta berriz jarri du aurretik bere taldea.
Bigarren zatia hasi bezain laster Iñakik izan du aukera ona bere botetan. Hala ere, Reala hobeto zelairatu da eta baloiaren jabe egin da.
Denborak aurrera egin ahala, jokoaren erritmoa parekatu egin da. Matarazzoren taldeak polbora gehiago behar zuen aurrealdean, eta Oskarsson, Kubo eta Turrientes sartu dira zelaian Gorrotxa, Sucic eta Barrenetxearen ordez.
73. minutuan, Solerrek izugarrizko zartakoa jaurti du golaren bila, baina, beste behin, Unai Simon bere taldearen salbatzailea izan da.
Presa sartu zaio Gipuzkoako taldeari denbora bukatzen ari zitzaiola ikusi duenean, eta erasoa etengabea izan da. Terzicek freskotasuna bilatu du Prados, Yeray eta Johaneko sartuz, eta taldeak ondo eutsi dio emaitzari.
Azkenean, Athleticek irabazi du San Mamesko euskal derbia eta hiru puntuak bereganatu ditu.