Realak ezin izan du punturik batu Betisen zelaian, Ligako lehen partidan (1-0)
Riquelmek sartu du, 63. minutuan, Andaluziako taldeari hiru puntuak eman dizkion gola. Realak, Oskarssonen eta Susicen bidez, oso gertu izan du berdinketa, baina, azkenean, talde txuri-urdinak neurketa galduta joan behar izan du aldageletara.
Riquelmek, jokaldi honetan, partidan erabakigarria izan den gola sartu du. Argazkia: Europa Press.
Realak ezin izan du punturik batu Betisen aurka, Cartujan, 1-0 galdu baitu 2026-2027 denboraldiko bigarren jardunaldian, Realaren lehen partidan, ostiral gauean. Rodrigo Riquelmek sartu du Andaluziako taldeari hiru puntuak eman dizkion gola, 63. minutuan. Realak, Oskarssonen eta Susicen bidez, oso gertu izan du berdinketa, baina, azkenean, talde txuri-urdinak partida galduta joan behar izan du aldageletara.
Denboraldiko lehen hamaikako ofizialean, Rino Matarazzok Alex Remiro jarri du atepean. Cascanteko atezainak bertatik bertara ikusi du lehen minutuan Betis arriskua sortzen, Antonyren erdiraketa baten bidez; Andaluziako taldeko futbolaria, baina, jokoz kanpo zegoen. Neurketaren hasieran, Realak aurkariak baino gehiago mugitu du baloia, eta Betis erasoko jokaldiei abiadura ematen saiatu da.
Remirok ondo gelditu du Antonyren jaurtiketa bat, 23. minutuan. 30. minutuan, kontraeraso azkar batean, Realak gola egiteko aukera oso ona izan du, baina Orri Oskarssonek ez du asmatu Valles atezainaren aurrean. Bernalek, 44. minutuan, kanpora jaurti du, area ertzetik, Betisen jokaldi batean, eta handik gutxira joan dira atsedenaldira bi taldeak, Cartujan, emaitza 0-0ekoa zela.
Sergio Gomezi eta Arambururi, alegia, euskal taldeko hegaleko bi atzelariei, txartel horia atera die epaileak, bigarren zatiko lehen minutuetan. Aramburuk berak, areaz kanpotik egindako jaurtiketa on batean, Vallesen erantzuna jaso du. Reala lehen zatian baino gehiago ari zen iristen Betisen areara, errazago; Barrenek aldaketa eskatu du, eta Matarazzok Kubo ere kendu du berdegunetik, eta Mikel Oyarzabal eta Alex Marchal zelairatu ditu.
63. minutuan, Rodrigo Riquelmek area barrutik errematatu du, erasoko jokaldi on bati amaiera emanda, eta Remirok ezin izan du 1-0ekoa saihestu. Ia-ia jarraian, atezain nafarrak geldiketa bikaina egin du, Iscoren aurrean, Betisek bere bigarren gola egiteko sortu duen abagune oso argian.
68. minutuan, Luka Sucicek oso gertu izan du berdinketa, baina horren jaurtiketak zutoina jo du. Norgehiagokako azken txanpan, Realak aurrera egin du, berdinketaren bila; 83. minutuan, Oyarzabalek, area barruan, pase ona eman dio Oskarssoni, eta aurrelaria bakarrik geratu da Alvaro Vallesen aurrean, baina Betiseko atezainak geldiketa ona egin du. Horixe izan da Realaren gol aukerarik onena. Horrela, talde txuri-urdinak ezin izan du punturik batu Ligako lehen partidan.