Realak aurrera egin du, Ponferradina menderatuta (0-2)
Realak 0-2 irabazi dio Ponferradinari, eta, horrenbestez, Errege Kopako final-zortzirenetan izango da. Imanol Alguacilen taldea, oro har, nagusi izan da; hala ere, uste baino gehiago kostatu zaio aurkaria menderatzea, Leongo taldeak aurpegia eman baitu azkeneraino.
Realak indartsu ekin dio neurketari, seriotasunez eta bizitasunez jokatuz, kanporaketa ahalik eta azkarren bideratu nahian, baina aurkariaren ate inguruan arrisku handirik sortu gabe.
Lehendabiziko aukera garbiena Olasagastik izan du. Oskarssonekin jokaldi polita eginda, area txikian sartu da, ezin izan du ondo errematatu, eta Angel atezainak baloia gelditu du. Hurrengo jokaldian bigarren abagunea izan arren, erdilari donostiarraren zartakoa kanpora joan da, langa ondo-ondotik.
Minutuak igaro diren heinean, Ponferradinak gainetik kendu du presioa, eta Realaren zelaian azkar jokatzeko ahalmena erakutsi du. Mula eta Ernesto izan dira etxekoen jokalari arriskutsuenak, azkeneko metroetan fin ibili ez diren arren.
Lehen zatian, baloiaren jabetza Realaren izan da. Nagusitasun hori, ordea, ez dute baliatu, eta Ponferradina hazita joan da atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, bi taldeak elkarri mokoka aritu dira, eta bi ateetan izan dira jokaldi arriskutsuak. Alabaina, partida inoiz baino irekiago zegoenean iritsi da Realaren lehenengo gola. Oyarzabalek sartu du 0-1ekoa, Ponferradinak atzean egindako akats bat baliatuta.
Realak zailena egin du: aldapa gora jartzen ari zitzaion neurketan aurrea hartzea. Gol horrek lasaitasuna eman dio Donostiako taldeari; Ponferradinari, berriz, zalantzak eragin dizkio, eta El Toralin estadioko zaleak apaldu egin dira.
Hamabost minutu geroago egin du Realak bigarrena, Leongo taldearen beste huts bat aprobetxatuta. Oyarzabalek hartu du Douek galdutako baloia, eta pase bikaina eman dio Braisi. Galiziako jokalariak ez du barkatu Angelen aurrean.
Edonola ere, Ponferradinak ez du amore eman, eta azken unera arte saiatu da aldea murrizten. Horrela, Brais Abelendak eta Makel Lozanok zenbait aukera izan dituzte neurketaren azken txanpan.
Azkenean, baina, ez da golik izan, eta Realak kanporaketa gainditu du, emaitzak erakusten duena baino zailtasun handiagoarekin izan bada ere.
FITXA TEKNIKOA
0 - Ponferradina: Angel Jimenez; Jorrin (Carrique, 75. min), Lancho (Borja Fernandez, 70. min), Ger Novoa, Andoni; Ernesto (Yeray, 63. min), Doue, Markel Lozano, Alex Mula (Bustos, 63. min); Borja Valle (Abelenda, 63. min) eta Cortes.
2 - Real Sociedad: Marrero; Aramburu, Zubeldia, Pacheco, Javi Lopez (Aihen, 81. min); Brais Mendez (Marin, 75. min), Turrientes, Olasagasti (Sucic, 46. min); Sergio Gomez (Barrenetxea, 70. min), Oskarsson (Kubo, 46. min) eta Oyarzabal.
Golak: 0-1, 54. min: Oyarzabal. 0-2, 69. min: Brais.
Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel hori atera dio Ponferradinako Lanchori.
Zure interesekoa izan daiteke
Realak udako lehen porrota jaso du Toulouseren aurkako lagunartekoan (2-1)
Rino Matarazzok zuzentzen duen taldeak uda honetako lehen porrota jaso du Toulouseren aurka 2-1 galduta. Laugarren lagunartekoa zen txuri-urdinentzat. Toulouseren golegileak Vignolo eta Hidalgo izan dira, eta Solerrek sartu du Realarena, falta jaurtiketa bat baiatuta.
Realak Aston Villari irabazi dio, Ingalaterran, eta denboraldiaurrean galdu gabe jarraitzen du (2-4)
Talde txuri-urdinaren golak Carlos Soler, Orri Oskarsson, Gorka Carrera eta Iñaki Ruperezek sartu dituzte. George Hemmings eta Brian Madjo izan dira ingelesen golegileak. Norgehiagoka Walsalleko (Ingalaterra) Pallet-Track Bescot zelaian jokatu da, 9.000 bat zaleren aurren. Bi taldeak atsedenaldira banakoarekin joan dira, eta gainerako golak bigarren zatian heldu dira.
Carlos Fernandezek Oviedon jokatuko duela iragarri du Realak
Donostiara heldu eta hilabete gutxira belauneko lesio larri batek markatutako bost denboraldi eta erdi igaro ostean, aurrelari andaluziarra Asturiasko taldera joango da Realarekin 59 partida jokatu eta 5 gol sartu eta gero.
Realak Jon Martinen kontratua 2032ra arte luzatu duela iragarri du
20 urterekin, Lasarteko erdiko atzelaria ezinbestekoa da Matarazzorentzat Realaren atzealdean.
Harrera beroa egin diote Mikel Oyarzabali Zubietan
Estatu Batuetatik iritsi berritan, Zubietan izan da Mikel Oyarzabal. Entrenatzen zebiltzan taldekideek txalo artean hartu dute eibartarra Munduko Txapelketa irabazi duelako.
Gorka Carrerak 2031 arte luzatu du kontratua Realarekin
Errenteriako aurrelaria bigarren talde txuri-urdinaren golegile nagusia izan zen aurreko denboraldian. Gainera, lehenengo taldearekin lau partida jokatzea lortu zuen.
Gorrotxa: “Lehenengo jardunaldian taldearekin batera lehiatzea da asmoa”
Gorrotxak pubalgia du aurreko denboralditik. Hobetze aldera, “plan bat” egiten ari direla azaldu du eibartarrak eta “lehenengo jardunaldian taldearekin lehiatzea” da ideia. Datorren denboraldia polita bezain gogorra izango da Realarentzat, baina Europa tartean, gogotsu agertu da jokalaria.
Realak berdindu egin du denboraldiaurreko lehen partidan Racingen aurka (1-1)
Realak bana egin du Zubietan Racingen aurka jokatu duen denboraldiaurreko lehen partidan. Rino Matarazzok bi hamaikako probatu ahal izan ditu, bana zati bakoitzean. Oskarssonek gola sartu du donostiarrentzat 19. minutuan, eta Gabriel Gimenezek kantabriarrentzat 82.ean.
Luken Beitiak 2030ra arte berritu du bere kontratua Realarekin
Elgoibargo atzelaria funtsezko zutabea izan da Sanserentzat azken denboraldi hauetan eta denboraldiaurrea lehen taldearekin egiten ari da, Rino Matarazzoren aginduetara.
Barrene: “Helburua lehiaketa guztietan ahalik eta gorenen egotea da”
Ander Barrenetxeak eta Realak hainbat egun daramatzate denboraldi berria prestatzen. Donostiako erasotzaileak argi du taldearen helburua "lehiaketa guztietan ahalik eta gorenen egotea" izan behar dela. Zentzu horretan, Superkopa titulu berri bat lortzeko aukera egingarria dela adierazi du, eta aldi berean, taldea denboraldi honetan sistema berri batekin lehiatzea ez litzatekeela batere arraroa izango adierazi du. (Bideoa gazteleraz).