Realak, partida bikaina eginda, berdindu egin du Inter Milanekin (1-1), Txapeldunen Ligako lehen neurketan
Realak 1-1 berdindu du, Inter Milanekin, asteazken gauean, Donostian, Reale Arenan, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako D multzoko lehen jardunaldian. Brais Mendezek aurretik jarri du Reala, laugarren minutuan, eta Lautaro Martinezek sartu du 1-1ekoa, 87. minutuan.
Horrela amaitu da partida, emaitzari dagokionez; gauak, baina, kontuan izateko moduko hainbat gauza gehiago utzi ditu. Giroa ikaragarri polita izan da Anoetan, eta talde txuri-urdinak Inter Milan baino askoz hobeto jokatu du; izan ere, Imanolen gizonek garaipena merezi izan dute, Europako egungo txapeldunordearen aurka. Simone Inzaghiren jokalariek, Italian, A Seriean, ezin hobeto ekin diote txapelketari, eta aurkari guztiak ari dira menderatzen; Anoetan, baina, ikusi ahal izan dute Donostiako taldearen maila bikaina dela. Erakutsi egin du Realak taldea zaleek amets egiteko moduan dabilela.
Realeko jokalari guztiek egin dute partida ederra, baina, beste behin, nabarmentzeko modukoa da zelai erdiko futbolariek burututako lana. Braisek, Mikel Merinok eta Martin Zubimendik baloi mordoa lapurtu dituzte, eta, horrez gain, fin aritu dira aurrelariekin bat egiteko. Ezkerrean, Kieran Tierney eta Ander Barrenetxea oso ondo ibili dira, bai eta Take Kubo beste aldean ere.
Salzburgok 0-2 irabazi du Lisboan, Benficaren aurka, eta multzoko lehen postuan jarri da. Realak, bigarren jardunaldian, Austrian jokatuko du, liderraren aurka; bertan saiatuko dira txuri-urdinak asteazkenean ihes egin dion garaipena lortzen. Ia dena falta da oraindik, eta edozer gerta daiteke Txapeldunen Ligan.
Realaren nortasuna
Imanolek, neurketaren bezperan, "nortasuna" eskatu zion Realeko jokalariei; bada, taldeak ezin hobeto barneratuta zuen entrenatzaileak esandakoa, eta txuri-urdinek bikain heldu diote partidari. Bigarren minutuan, Braisek, Barrenetxeak ezkerretik jokaldi polita eginda, buruz errematatu du, eta Sommerrek aurreneko geldiketa egin behar izan du; jarraian, area barrutik, Barrenetxeak zutoinera jaurti du. Inter Milanek ez zuen ikusten nola egin aurrera. Laugarren minutuan, Alessandro Bastonik, baloia ateratzen saiatzen ari zela, huts egin du; Braisek ederto lapurtu du, area handiko ertzera iritsi da, eta ezkerrez, sareetara bidai du baloia. 1-0 laugarren minutuan, eta Anoetak eztanda egin du.
Laugarren minutu horretatik atsedenaldira bitartean, Realak irakatsi egin du nola jokatu behar den maila goreneko partida bat. Inter zelai erdia bereganatzen ahalegindu da, baina Donostiako taldeak ez du estutasunik izan; minutuek aurrera egin ahala, Imanolen gizonak, pixkanaka-pixkanaka, aurkariaren atera gero eta sarriago hurbildu dira. Aurreneko zatiko azken minutuetan, Realak partida oso bideratuta uzteko moduko abaguneak izan ditu: 40. minutuan, Kubok jokaldi oso polita egin du eskuinetik, erdiratu, eta Le Normandek, buruz, gertutik, kanpora errematatu du, oso gutxigatik; lau minuturen buruan, Kubok, ezkerrez, jaurtiketa zail batean, berriro ere behartu du Sommer. Atezainak, ziur aski, eskertu egin du lehen zatiaren amaiera; 1-0ekoa, emaitza, onena zen Interrentzat, kontuan izanik Reala Europako txapeldunordea baino askoz hobeto ari zela jokatzen.
Norbaitek pentsatuko zuen, agian, Inter Milan, atsedenaldiaren ostean, hobeto ibil zitekeela, eta nolabait partida aldatuko zela; bada, uste okerra zen. Realak jokoa kontrolatzen jarraitu du, eta gertu-gertu izan dute Imanolen gizonek 2-0ekoa, bigarren zati horretako aurreneko minutuetan. Braisek izan du aukera ederra, falta batean, eta, ia jarraian, Mikel Oyarzabalek, korner baten ondorioz, burukada ona egin du; Sommerrek geldiketa ikusgarria egin behar izan du, Gipuzkoako taldearen bigarrena saihesteko.
Lautarok berdindu du
Ematen zuen emaitza, 1-0ekoa, Interrentzako albisterik onena zela; Inzaghiren taldeak partidan jarraitzen zuen, ia-ia espero gabe, Merinok, 68. minutuan, langara errematatu baitu. Azken ordu laurdenean, baina, Inter biziago presionatzen hasi da, eta Realari indar apur bat falta izan zaio. Lautarok egin du berdinketa, 87. minutuan; jokaldi luze batean, Frattesik, azkenean, urrutitik jaurti du, eta, nahi barik, pase sakon bikaina eman dio taldekideari.
Horrenbestez, azken inpresioa da Realak aukera bikaina izan duela aurkari oso gogor bat menderatzeko; baina argi izan beharko genuke txuri-urdinek, beste behin, maila ederra eman dutela. Txapeldunen Ligako estreinaldia gogoan izateko modukoa izan da.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Merino; Traore (Odriozola, 70. min), Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aihen, 60. min); Zubimendi, Merino, Brais (Pacheco, 86. min); Barrenetxea (Cho, 60. min), Oyarzabal (Sadiq, 70. min) eta Kubo.
1 - Inter Milan: Sommer; Bastoni (Di Marco, 55. min), De Vrij (Acerbi, 76. min), Pavard; Dumtries, Barella, Asllani (Frattesi, 55. min), Mkhitaryan (Alexis Sanchez, 69. min), Carlos Augusto; Lautaro eta Arnautovic (Thuram, 55. min).
Golak: 1-0, 4. min: Brais Mendez. 1-1, 87. min: Lautaro.
Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Zubeldia, Traore, Asllani, Mkhitaryan eta Pavard jokalariei atera die txartel horia.
Gertakizunak: 38.000 zalek bete dute Reale Arena, Txapeldunen Ligako multzo faseko lehen jardunaldian. Inter Milango ehunka zale izan dira, harmailetan.
Salzburgok 0-2 irabazi du Lisboan, Benficaren aurka, eta multzoko liderra da
D multzoko beste partidan, Salzburgok ezustekoa eman eta Benfican menderatu du, Lisboan, Da Luz futbol zelaian, 0-2. Simicek, 15. minutuan, eta Gloukhek, bigarren zatiko seigarrenean, Austriako taldearen bi golak egin dituzte. Salzburgo da, horrenbestez, Realaren multzoko liderra, eta hain zuzen ere Imanolen taldea hartuko du liderrak, bigarren jardunaldian.
Gainerako partidak: Artetaren Arsenalek PSV jipoitu du, Bayern Munich-Manchester United neurketa bikaina izan da, eta Mendilibarren Sevillak berdindu egin du
Jardunaldian jokatu dituzten gainerako partidetan, nabarmentzeko modukoa da Mikel Artetaren Arsenalek PSVri sartutako 4-0ekoa, bai eta Munichen izandako neurketa bikaina ere; horretan, Bayern Munichek 4-3 menderatu du Manchester United. Gainera, Jose Luis Mendilibarren Sevillak etxean berdindu egin du, 1-1, Lensen aurka.
Hauek izan dira gainerako markagailuak:
Galatasaray 2 – 2 Kopenhage
Real Madril 1 – 0 Union Berlin
Bayern Munich 4 – 3 Manchester United
Braga 1 – 2 Napoli
Arsenal 4 – 0 PSV
Sevilla 1 – 1 Lens
Zure interesekoa izan daiteke
Reala hondoratu egin da azken minutuetan Atleticoren aurka (0-3)
Partida osoan zehar aurkariari aurre egin ondoren, 84. minutuan egindako penalti batek gidoia erabat aldatu du, 10 minututan hiru gol jasoz.
Realak krisian jarraitzen du eta Teneriferekin berdindu du (1-1)
Realak garaipenik gabe jarraitzen du denboraldi honetan, F Moeve Ligako 3. jardunaldian Teneriferen aurka 1-1 berdindu baitu. Ainoa Campok aurretik jarri ditu txuri-urdinak, baina Eva Vergesek markagailua berdindu du azken minutuetan.
Sanseren joak Andorra menderatu du (1-3)
Donostiako filiala zehaztasunez, potentziaz eta erasoetan zuzen aritu da lehen zatian, eta azkar ziurtatu du garaipena.
Matarazzo: “Kopan izandako lehiakortasuna gogoratu nahi dut"
Realeko entrenatzaileak igandean Atletico Madrilen aurka jokatuko duten partidaz hitz egin du, EA Sports Ligako bosgarren jardunaldian. Talde madrildarraren aurka Errege Kopa irabazi zutenean erakutsitako lehiakortasuna ikusi nahi duela nabarmendu du.
Yangel Herrera Atletico Madrilen aurkako partidari buruz: “Gustuko ditugu partida hauek; garaipen handi bat oparitu nahi diegu zaleei”
Yangel Herrerak prentsaurrekoa eman du ostegun arratsaldean. Bertan, "pozik eta gozatzen" ari dela eta iragan denboraldia atzean utzi nahi duela esan du. Europa Ligaz eta Atletico Madrilen aurkako partidaz ere aritu da. (Bideoa gazteleraz)
Realak Granadan galdu du (3-2), eta punturik batu ezinik jarraitzen du Moeve F Ligan
Gorka Alvarezen taldeak, Carlota Chaconek eta Klara Cahynovak sartutako golen bidez, bi aldiz berdindu zituen Granadaren abantailak, baina, bigarren zatiaren hasieran, Andaluziako taldeak hirugarren gola egin zuen, erabakigarria. Realak, txapelketako bi partida jokatuta, ez du punturik, oraindik.
Igor Zubeldia: “Talde honek bukaerara arte ez duela etsitzen erakutsi da”
Igor Zubeldia Realeko jokalariak taldeak Elxen lortutako garaipena baloratu du partida amaieran. Amaierara arte erakutsitako jarrera azpimarratu du atzelari txuri-urdinak.
Sucicek hamarrekin erreskatatu du Reala, Elxen jokatutako partida ero batean (2-3)
Kroaziarrak azken minutuetan sartutako gol batek garaipen handia eman die txuri-urdinei, 0-2 aurreratu eta Jon Martinen kanporaketaren ostean, eta Elxek partida nola berdindu duen ikusi ondoren.
Matarazzo: “Taldearen alde erasokorra ikusi nahi dut"
Realak Elxen aurka jokatuko du, astelehenean, EA Sports Ligako 4. jardunaldiko partida.
Soroetak puntu bat salbatu du Sanserentzat Zubietan (1-1)
Bigarren zatian berdegunean sartu den Donostiako aurrelariak Fabriciok Teneriferentzat sartu duen gola berdindu du, partidaren azken txanpan atezainaren gainetik ondo errematatu ondoren.