Mikel Merino ez dago lesionatuta eta Espainiako selekzioarekin jarraituko du
Realeko jokalaria den Mikel Merinok ez du lesiorik. Hala baieztatu dute Espainiako selekzioko medikuek astelehenean egin zizkioten azterketek; ondorioz, erdilariak Espainiarekin jarraituko du.
Ostegunean, Espainiako selekzioak Greziaren aurka jokatuko du Atenasen 2022ko Munduko Txapelketarako sailkapen faseko norgehiagoka. Merinoren parte-hartzea kolokan dago neurketa horretarako. Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, jokalariaren eboluzioa egunez egun aztertuko dute medikuek, Greziaren aurka jokatzeko prest egon litekeen jakiteko. Igandean, azaroaren 14an, Espainiak eta Suediak Sevillan jokatuko duten partidarako prest egotea espero da.
Mikel Merinok min hartu zuen Osasunaren aurka Sadarren jokatutako Santander Ligako 13. jardunaldiko euskal derbian. Orkatila eta belauna minduta zituen, baina lesiorik ez izatea berri ona da jokalariarentzat zein Realarentzat.