Realak hiru puntuak eskuratu ditu Rayoren aurka (1-0)
Orri Oskarssonen gol batek garaipena eman die txuri-urdinei Anoetan, aurkaria baino gehiago izan diren lehian.
Realeko jokalariak, gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak Rayo Vallecano garaitu du igande honetan, Orri Oskarssonen golari esker (1-0), Anoetan jokatu den EA Sports Ligako 12. jardunaldiko partidan. Horrela, talde txuri-urdinak sailkapeneko bosgarren postuari eutsiko dio.
Norgehiagokako lehen jokaldian, Sucicek pasea bota du lerro artean Oskarssonentzat, eta islandiarra bakar-bakarrik utzi du Emil Auderoren aurrean, baina horren erremate pikatua ez da sarera heldu.
23. minutuan, Aramburuk Take Kubo aldentzen ikusi du hegalean, eta pase luze bat bidali dio ezkerrarekin. Japoniarrak aurrera egin du, eta erdiraketa egin du Oskarssonen bila, baina Florian Lejeune atzelari bisitariak aurrea hartu dio Islandiako jokalariari, eta baloia urrundu du.
30. minutuan, Turrientesek berriro ireki du Kuborentzat. Japoniarrak banakako jokaldia egin du, barrura begira, eta ezkerkada bat jotzen ausartu da, baina atzelari bat jo ostean desbideratuta joan da.
35. minutuan, Sucicek area aurrealdean jaso du baloia, eta ezkerrez jaurti du, gogor, birritan pentsatu gabe. Baloia kanpora joan da, Auderoren ateko zutoina ukitu ostean.
Bigarren zatian, Rayo Vallecanok aukera paregabea izan du markagailuan aurrea hartzeko. Adria Pedrosak erdiraketa neurtua jarri dio ezker hegaletik Jorge de Frutosi. Segoviako aurrelariak barnealdearekin errematatu du, txokoaren bila, baina Remirok baloia bere atetik urrundu du.
Hala ere, 67. minutuan, Remirok Rayoren erdiraketa gelditu du, eta azkar konektatu du Ander Barrenetxearekin. Txuri-urdinen puntako jokalariak lasterka kontrolatu, aurrera egin eta Lejeune gainditu du, baloia Oskarssoni emateko. Aurrelariak bikain burutu du jokaldia, Auderoren gainetik jaurtiz 1-0ekoa egiteko.
Txuri-urdinentzat albiste txarra berehala etorri da, kontrol orientatu bat egiteko saiakeran Barrenek ziztada bat nabaritu baitu izterraren atzealdean, eta, min hartuta, ezin izan du jarraitu.
Partida amaitzeko 10 minuturen faltan, Florian Lejeunek falta bat jaurti du zuzenean, eta Remirok luzatu beharra izan du baloia aldentzeko.
Korner batean, Guedesek pilota kontrolatu eta oinaren puntarekin jaurti du, baina baloia Auderoren ateko zutoinaren ondotik joan da kanpora.