Reala eta Real Madril abenduaren 2an arituko dira, Superkopa dela eta
Talde txuri-urdinak 19:00etan hartuko du talde zuria Anoetan. Bartzelona-Atletico Madril ere egun berean jokatuko da, 21:30ean.
Realaren eta Real Madrilen arteko partida baten irudia. Artxiboko argazkia: EFE.
LaLigak baieztatu du Realak eta Real Madrilek abenduaren 2an, asteazkenean, jokatuko dutela elkarren aurkako partida, 19:00etan, Anoetan. Otsailerako aurreikusita zegoen 23. jardunaldiko neurketa aurreratu egin dute, Espainiako Superkopa dela eta.
Egun berean, Bartzelona eta Atletico Madril elkarren aurka arituko dira, 21:30ean, Camp Noun. Bi talde horiek ere 23. jardunaldiko partida aurreratu behar izan dute, Superkopan parte hartuko dutelako.
Espainiako Superkopako lehen finalerdian, Bartzelona eta Atletico Madril arituko dira elkarren aurka, otsailaren 2an, asteartean, 20:00etan, Fenerbahceren estadioan. Bigarren finalerdian, berriz, Reala eta Real Madril lehiatuko dira, hilaren 3an, Tupras Stadiumen.
Finala otsailaren 6an jokatuko da, larunbatean, Ali Sami Yen estadioan.