Osasunak erabateko nagusitasunez kanporatu du Atletico Calatayud (0-6)
Raul Garcia del Amo (3), Kike Barja, Dubasin (penaltiz) eta Asier Bonel debutariaren golek gorritxoen garaipen argia ekarri dute Errege Kopako lehen kanporaketako neurketan.
Raul Garcia eta Kike Barja, partidako golegileetako bi. Argazkia: EFE
Osasunak ez du huts egin eta Errege Kopako bigarren kanporaketarako sailkapena ziurtatu du ostegun honetan, Atletico Calatayud Aragoiko talde xumeari 0-6ko gol-zaparrada sartu ostean. Talde nafarrean ohikoak ez diren jokalariek Jagoba Arrasateren aurrean aldarrikatzeko baliatu dute, besteak beste hiru gol erdietsi dituen Raul Garcia aurrelariak.
Nabarmendu den beste jokalari bat Raul Moro izan da, orain arte titular gisa partida bakarra jokatu duena eta ezker hegalean Arrasaterentzat alternatiba izan daitekeela erakutsi duena.
Izan ere, lau minutu ere ez dira igaro Morok goleko baloiak jartzeko duen kalitatea erakutsi duenerako. Haren erdiraketa sare barrura bidali du Asier Osambelak, baina gola ez da markagailura igo, epaileak, itxura guztien arabera oker, jokalari gorritxoa jokoz kanpoko posizioan zegoela adierazi baitu.
Hala ere, ezerk ezin izan du eragotzi Osasuna hamahirugarren minuturako aurreratzea. Hala, Raul Morok ezker hegaletik egindako beste erdiraketa on batean, Raul Garciak 1-0ekoa lortu du, burukada indartsu batekin.
Alabaina, Iruñeko taldearen erasoa ez da ezker hegalera mugatu, Kike Barja etengabeko arazo bihurtu baita Atletico Calatayud taldeko jokalarientzat eskuinaldetik egindako erasoaldiekin.
Horietako batean, hogeita zortzigarren minutuan, Barja berak saria izan du banakako ekintza eder batean. Nafarrak, area barruan bizikletarena eginez, sareratu du 0-2koa.
Gol horrek ez du baretu Kike Barjaren eta Raul Garciaren gosea, eta hogeita hemeretzigarren minutuan kanporaketa behin betiko erabakita utzi dute: lehenak erdiraketa ederra bidali du area barrura, eta bigarrenak burukada loratu bikain batekin amaitu du jokaldia (0-3).
Beste hiru gol bigarren zatian
Bigarren zatia bide beretik joan da. 0-4koa Jonathan Dubasinen eskutik iritsi da, penaltiz (52. min).
Jarraian, Raul Garciaren txanda izan da berriro. Osasunako aurrelariak arratsaldeko bere hirugarrena sareratu du (59. min), Raul Mororen beste erdiraketa bat probestuta.
Markagailua biribildu duena, berriz, Asier Bonel debutaria izan da lehia amaitzear zegoela (0-6).
Peña Sport, kanporatua (1-5)
Bestalde, Tafallan jokatutako lehian, Peña Sportek ezin izan du ezer egin Huescaren aurka (1-5). Hasierako minutu parekatuen ostean, Aragoiko taldea erabat gailentzen hasi da, eta, hala, lehen zatia bukatu ostean, 0-2 aurretik sartu da aldageletara, Marc Aznarrek (21. min) eta Colladok (30. min) sartutako golekin.
Bigarren zatian, bisitariek berehala egin dute hirugarrena, Mario Garciaren eskutik (55. min), berak eta Colladok eratutako jokaldi ikusgarri baten ostean.
San Francisco futbol-zelaira bertaratutakoek etxekoen gol bat ospatzeko aukera izan dute gutxienez, Joaquin Recaldek mendigorriarrak erdietsitakoa (65. min). Dena dela, etxekoen poztasuna berehala desagertu da, bi minutu geroago Luismik (67. min) zelai erditik sekulako gola erdietsi baitu, nafarren atezaina aurreratuta zegoela baliatuta. Markagailuko azken gola Ander Gorostidi tolosarrak sartu.
Zure interesekoa izan daiteke
Jagoba Arrasate: “Aurkaria errespetatu dugu eta seriotasuna eman diogu, oro har, partidarekin gustura”
Jagoba Arrasate: “Aurkaria errespetatu egin behar da, ondo prestatu eta ustezko nagusitasuna zelaian erakutsi”