Osasunak garaipen batekin ospatu du Jagoba Arrasateren aro berria (2-0)
Budimirrek lehen zatian penatiz eta Osambelak amaierarako bi minutura egindako golek eman diote garaipena talde gorritxoari Sadarren.
Osasuna 2-0 gailendu zaio Racingi Sadarren, EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partidan. Gorritxoek itxura ona eman dute Arrasateren estreinakoan. Budimirrek aurretik jarri ditu etxekoak, penaltiz, lehen zatian, eta Asier Osambelak lasaitasuna eman dien gola egin du neurketaren azken txanpan.
Nafarroako taldea jaun eta jabe izan da lehen zatian, eta, nagusitasun horren ondorioz, Kantabriako taldeak ez du arrisku handirik sortu Aitor Fernandezen atearen inguruan.
Partida hasi eta 20 segundora, Moi Gomezek gola egiteko aukera izan du Dubasinek egindako erdiraketa aprobetxatuta, baina jaurtiketa langaren gainetik joan zaio.
5. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Dubasinek sartutako gola Budimir jokoz kanpo zegoelako.
Hiru minutu geroago, epaileak penaltia adierazi du gorritxoen alde, Belocianek Budimirri falta egin ostean. Budimirrek berak jaurti du penaltia, eta Osasuna 1-0 jarri du aurretik markagailuan. Agirrezabalak asmoa antzeman dio, baina ez da baloia harrapatzera iritsi.
33. minutuan, iruindarren beste gol bat balio gabe utzi du epaileak, Dubasin jokoz kanpo zegoela adierazita.
Atsedenaldirako bost minuturen faltan, Agirrezabalak geldiketa ikusgarria egin du Dubasinen gola saihesteko. Erdiraketa Rosierrek egin du, eta pasea, Ruben Garciak.
Ondoren, Racingek lehen aldiz sortu du arriskua, baina areaz kanpotik. Zabirik jaurtiketa indartsua egin du; hala ere, baloia kanpora joan zaio.
Bigarren zatia lehenengoaren ildo beretik hasi da. Lehen minutuetan, Ruben Garciak eta Budimirrek bigarrena egiteko aukera argiak izan dituzte.
67. minutuan, Jagoba Arrasatek bi aldaketa egin ditu: Osambela eta Torro zelairatu ditu Moi Gomezen eta Iker Muñozen ordez.
Lasaitasuna 88. minutuan iritsi da, Osambelak kontraeraso azkar batean egindako golarekin (2-0).