Budimirrek denboraldiko lehen garaipena eman dio Osasunari, Sadarren (1-0)
Osasunak 1-0 irabazi dio Valentziari gaur, Sadarren, Ante Budimirrek sartutako gol bati esker. Lehendabiziko garaipena lortu du talde gorritxoak 2025-26 denboraldian.
Alessio Liscieren taldea bizi-bizi hasi da, baloiarekin erasokor, eta baloirik ez zuenean, aurkariari presio itogarria eginda. Horrela, denetarik gertatu da lehen zatian.
Osasunak hamargarren minuturako sartu du gola, Budimir eraginkorraren eskutik. Rosierrek egin du erdiraketa, eta aurrelari kroaziarrak gol polita sartu du, buruz.
Handik gutxira, Gayak akats izugarria egin du defentsan, azken gizona zenean. Baloia Agirrezabala atezainari eman nahi zion, baina Victor Muñoz gazteak lapurtu dio ustekabean, eta, ondoren, falta argia egin dio gaur Osasunarekin debuta egin duen hegaleko jokalari azkarrari.
Epaileak txartel gorria atera dio, eta Valentzia hamar jokalarirekin geratu da. Protestarik egin gabe, eta kapitainaren besokoa amorruz lurrera botata, aldagelara joan da Gaya, huts larria egin duela zekien eta.
Lehen zatia bukatu aurretik, Rosierrek bigarrena sartu du, Victor Muñozen jokaldia bukatuta. Edonola ere, epaileak baliorik gabe utzi du, Budimir jokoz kanpo zegoelako.
Bigarren zatian, oso bestelakoa izan da jokoa. Markagailuan aurretik joan arren eta Valentziak baino jokalari bat gehiago izan arren, Osasunak ez du abantaila aprobetxatu bigarren zatian. Erasoan ez du aparteko ezer egin, eta Valentziak, berriz, aurrera egin du, berdinketa lortu nahian.
Hala ere, Carlos Corberanen taldea ez da fin aritu erasoko jokoan, eta ezin izan du gol aukera garbirik sortu. Hori bai, 90. minutuan susto handia eman dio Osasunari, Danjumak gola sartu du eta. Gorritxoen zorionerako, epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpokoa zela adierazita.
Luzapenean ez da ezer nabarmenik gertatu, eta Osasunak denboraldiko lehen hiru puntuak bereganatu ditu ligako bigarren jardunaldian. Garaipena kostata iritsi bada ere, zale gorritxoak pozik joan dira etxera, Lisciren taldeak lehen zatian emandako erakustaldiarekin itxaropena piztuta.
FITXA TEKNIKOA
1 – Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Juan Cruz; Moi Gomez (Osambela, 84. min), Torro (Herrando, 79. min), Aimar (Raul, 79. min); Moncayola, Budimir, Victor Muñoz (Ruben Garcia, 62. min).
0 – Valentzia: Agirrezabala, Foulquier, Copete (Duro, 78. min), Cesar Tarrega, Jose Luis Gaya, Javi Guerra (Diakhaby, 68. min), Pepelu (Santamaria, 78. min), Diego Lopez, Luis Rioja (Ugrinic, 68. min), Raba (Jesus Vazquez, 26. min) eta Danjuma.
Gola: 1-0, 10. min: Budimir.
Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horia atera die Rosierri eta Tarregari; txartel gorria, berriz, Gayari.
Zure interesekoa izan daiteke
Ramisen agindupean ekin dio Osasunak lanari
Osasuna ere jarri da martxan denboraldi berriari begira. Osasun azterketak burutu ondoren, lehen lan saioa egin dute Taxoaren. Lan saio arina izan da, Luis Miguel Ramis entrenatzaile berria, pixkanaka, jokalariak ezagutzen joateko. Sanferminak izan arren, hainbat zale gerturatu dira.
Osasunak mediku azterketak egiten jarraitzen du, eta ostiralean egingo du lehen entrenamendua
Luis Miguel Ramisek ostiralean zuzenduko du, Taxoaren, lehenengo lan saioa, Osasunako futbolarien azterketa medikuak amaituta.
Osasunako jokalariek osasun azterketak pasa dituzte
Osasunak uztailaren 10ean hasiko du Luis Miguel Ramisen aroa aurre denboraldiarekin. Baina aurretik azterketa medikuak pasazeko txanda izaten da eta gaur hasi dira jokalari gorritxo batzuk prozesu horrekin.
Javi Galanek agur esan dio Osasunari eta Celtan jarraituko du bere ibilbide profesionala
Talde gorritxoak ez du Extremadurako atzelariaren kontratua luzatuko eta klubean egindako sei hilabeteko etapari amaiera emango dio horrela.
Taxoareko 3.0 Metodoa defendatu dute Angel Alcaldek eta Patxi Puñalek, bigarren fasean sartu berritan
Taxoareko zuzendariak, Angel Alcaldek, eta harrobiko zuzendari teknikoak, Patxi Puñalek, joan den denboraldiaren balantzea egin dute, eta 2026/27 denboraldirako berritasun nagusiak aurkeztu dituzte, Sadarren egindako agerraldian.
Osasunak Victor Muñoz Liverpooli saldu diola iragarri du
Klub ingelesak 40 milioi ordainduko ditu aurrelariarengatik, eta nafarrek eskubide ekonomikoen % 50a zeukaten. Beraz, talde gorritxoak 20 milioi jasoko ditu.
Ander Cantero: “Osasunak Ramisekin denboraldi polita egingo du”
Burgoseko atezainak, Osasunako harrobian ibilitakoak, entrenatzaile berria talde gorritxora iritsi izana baloratu du, azken bi denboraldietan Plantion bere aginduetara jokatu ondoren.
Roberto Perez izango da Osasunako emakumezkoen taldeko entrenatzailea
Mirandako entrenatzaileak bere gain hartu du datorren denboraldirako lehen taldearen zuzendaritza, aurretik Alavesen egon ondoren.
Braulio Vazquez: “Ramisek adin eta eskarmentu egokiak ditu, baita taldeetara egokitzeko gaitasuna ere"
Osasunaren kirol zuzendariak azpimarratu duenez, gorritxoen entrenatzaile berriak ibilbide "luzea eta, batez ere, arrakasta handikoa" du. "Burgosen puntuen marka hautsi du", gogorarazi duenez.
Ramis: “Oso eskertuta nago klub handi hau entrenatzeko aukeragatik. Arrasate erreferente izan da"
Luis Miguel Ramis Osasunaren entrenatzaile berriak argi utzi du bere aurkezpenean talde "ezaguna, egonkorra eta jokoaren fase guztiei garrantzia emango diena" nahi duela.